Jon GARMENDIA

Jende uholdea musika eta arte garaikidearen xerka euri artean

Atzo amaitu zen Baleapop Donibane Lohizunen, bost egunetan musika eta arte garaikidez Lapurdiko herria jantzi ondoan edizio berri bati ateak ireki dizkio jaialdi berezi honek. 

Moi-Moi kolektiboa talde antolatzailea da. ©Isabelle Miquelestorena
Moi-Moi kolektiboa talde antolatzailea da. ©Isabelle Miquelestorena

Urak blaitutako Baleapop izan da aurtengoa, baleak beharrezko duen hezetasuna aurkitu balu bezala Donibane Lohizuneko lurmuturrean. Seigarren edizioa distiraz burutu baitu gero eta handiagoa bilakatzen ari den jaialdi ttipi honek. Publikoaren kopuruak hamar milakoa izan du hurbil, eta adin guztietako jendea izan da bestalde, haur, gazte eta heldu, eguraldi txarrari aurpegia eman eta giro ona jartzeko gogotsu. Gainera, asteazkenetik atzo arte luzatu den jaialdiaren arrakasta eskaintzaren arabera ere neurtu behar da; ez dira jaialdi asko izango Lapurdiko itsas hegiko herri honen naturagune ikusgarriak dituenik, eta horrek errazago egiten du ekimen anitzak aitzina eramatea, baina haiek gustuz eta jakintzaz betetzeko artea du Moi-Moi kolektiboko talde antolatzaileak, eta aurtengoan festa herri osora zabaldu dute.

Dukontenea parkea izan da jaialdiaren ardatz adibidez, han bildu dira ikuskizun gehienak, eta zuhaitz eta loredi artean sorkuntza ederrak eskaini dituzte artista plastikoek. Paul Le Bras eta Aurelien Cornut-Gentille izan ziren lehenak, eta baita deigarrien bilakatu zitzaizkigunak ere. Sei kidez osatutako Culbuto kolektiboko artistak dira biak, bakoitzak bere aldetik duen talentua ordea Duo maneran landu dute Donibane Lohizunerako, proposamen ikusgarri bat sortu dutelarik. Nizan bizi da Paul le Bras, eta han egiten du lan, baina bere unibertsoa askoz harago doa, zientziaren baliabideak garatzen ditu eta jakintzaren bazterrak arakatzen, desklasifikatutako gauzak eta erabilgarriak ez direnak baliatzen ditu, zaharkiturik gelditu direnak. Ez du haiei bizi berri bat eskaintzeko egiten, baizik eta haien potentziala erabiltzeko, nolabait, objektuek gordeta daukaten memorian arakatu eta esanahia duen dimentsio poetiko bat sortzeko. Kontrajarritako objektuak adibidez, formula 1eko gurpil bat eta eskaner bat, gurpila eskanerraren gainean jarri eta ordenagailu batek sor ditzakeen irudiekin eguzki sortze eta sartzea irudikatzen du, “The endless summer” deitutakoarekin errepide infinituaren aztarna utzita.

Aurelien Cornut-Gentillerentzat ere materialek dute garrantzia, haien nahasketak; objektuak itxuraldatzen ditu, eta zentzu bat eman ostean erabilpen bat atzematen saiatzen da, arintasuna, eta belozidadea agertzeko. Elementuak dira bere kokagune, ura, airea, lurruna, egurra... Marko batean sartutako ura adibidez, poltsa garden bat haren gordailu izanik, eta harekin lupa erraldoi bat sortuz.

Artearen ikuspuntutik ezin ditugu ahantzi Ibai Hernandorenak egindako sorkuntzak bestalde, lorategian jarritako pantaila batean irudiak proiektatzen joan da jaialdiko egunetan, argi-jokoekin erritmoa sortu, arritmia bilakatu eta tempoa bilakatzeko. Parisen, Bordelen eta Marseillan saritua izan den artistak proiekzio handia duela erakutsi du.

Munduko musika

Musika da lehengai nagusia Baleapopen, eta batez ere iturburuen nahasketa. DJn formatua nagusitzen da orokorki, baina badira elektroaren besoetan kulunkatzen direnez gain fadoa, bossa nova, rock eta reggaeren nahasketaz beren emanaldia atontzen dutenak. Flavien Berger da horren adibide, publikoaren artean zapore gozoa utzi duen artista paristarra, eta Gainsbourgi egindako keinuekin edo New Yorkeko Suicide taldearen oinarriak baliatuz egindako kantuekin zaleen zoramena probokatu zuen. Ikusgarria izan zen aldi berean Joseba B. Lenoir Gang taldeak eskainitako kontzertua, erraietatik eman zuelako boskoteak. Handia, bestalde, Ziburuko The Lookers taldearen rock-garagea, hirukoteak etengabe hazten ari den irudipena uzten duelarik zuzenekoetan. Eta ezin ahantzi Zenitz hondartzako “Baleabeach” jaia, ehunka batu zituelako giro berezi batean. Baleapopek ez du aurrekontu handiegirik, baina sormena eta kalitatea sobera.