Kronika
 
Pinpirina
Jon GARMENDIA|2015/08/07 22:15|0 iruzkin

Zen batzuk tximeleta deitzen zutela, lorez lore zebilelako alaitasunaren hegaldia marrazten. Baina mitxeleta izateko zerbait falta zitzaiola aspaldi zekien berak. Benedettik esan zuen pinpilinpauxak ez zuela ahanzten behinola beldar izan zela, nolabait, jatorria beti presente balu bezala, gogoan. Eta bera, nor zen ahantzita bizi zen, besteek nahi zutena baino berak nahi zuena izanda. Bazekien Silvio Rodriguezek gudarien arimarekin parekatu zituela pinpirinak, kantatzen eta maitatzen zuten izakiak bailiran, une oro eztarrian sortu berriak. Etsairik ez duenak alferrik ditu gudu-zelaiak, ordea. Zintzitoila deitu zion norbaitek, eta bazkalondorako txirulirua besteak, buruan printzesa ipuinak baino ez zeuzkan mitxoleta azkenak. Belardiko inguma batzuek, basoko kalaputxia bestetzuek. Dena, ez zeukatelako jabetzan. Desiratua zelako agian, baina ez maitatua; seguru. Berak bazekien ordea, koloretako mitxirrika anitz gelditu zirela zorionaren bidean, hegalak astintzeko aukerarik izan gabe. Eta narrasti gisa bukatu zutela beste anitzek, lurraren biraldien menpe. Tristurak gorputz osoa ilunduta, hegalaren ahultasunari nekaduraren kolorea margotuta preso hartu zituenaren erruz. Grisarena alaike. Txiribiri izateko desira zeukan halere, udako tximirrika, ilunabarreko jainkoilo eta goiztiriko txoleta. Baina tripetan sentitzeko, ez hegan egiteko. Eta bitartean, kolekzionatzera utzi gabeko sorgin-oilo izango zen, irribarrea sortzeko apex, zirrara pizteko matxita, maitasuna sentitzeko txilipitaina. Azken finean, farfaila izatea maite baitzuen.