Iurre BIDEGAIN

"Xistor" Haranbururi baldintzapeko askatasuna ukatu diote berriz

Martxoan, baldintzapeko askatasun eskaera errefusatu ondoren, "Xistor" Haranburuk helegitea jarri zuen. Bere abokatuak, Pariseko Zigor Aplikazioen Dei Auzitegiak eskaera ezeztatu duela azaldu du, abuztuaren 6an.

Frederik Haranburu. (KAZETA.EUS)
Frederik Haranburu. (KAZETA.EUS)

Joan den martxoan, Estatu frantseseko justiziak egin zuen baldintzapeko askatasun eskaera errefusatu ondoren, Frederik Haraburuk "Xistorrek" helegitea jartzea erabaki zuen. Bere abokatua den Maritxu Paulus Basurcok, Pariseko Zigor Aplikazioen Dei Auzitegiak helegitea errefusatu duela jakinarazi du, abuztuaren 6an.

"Zigor Aplikazioen Dei Auzitegiak, Auzitegiaren ezezkoa konfirmatu du", esplikatu du abokatuak. Bere hitzen arabera, mementoz, erabakia jakin du baina oraindik dokumentua ez diotenez bidali, ez ditu justiziaren argudioak ezagutzen.

Bi eskaera errefusatuak

1990. urtean atxilotua izan ondoren Xistor betiko zigorrera kondenatua izan zen. 2013. urteko uztailean, baldintzapeko askatasun eskaera egin ondoren, justiziak 2014an aztertu zuen. 2015eko otsailaren 27an baldintzapeko askatasun eskaera errefusatu zioten. Xistorrek, helegitea jartzea erabaki zuen.