Balea Pop festibala: urtetik urtera printzipioak sendotuz

Abuztuaren 5etik 9ra Donibane Lohizune Balea Pop festibalaren eszenatokia bilakatuko da. Euskararen aldeko apustua egiteaz gain, aurten ingurumenaren alde jotzeko neurriak plantan jarriko dituzte.

Justine GIRAUDEL|2015/08/05 10:20|0 iruzkin
Med_baleapop_cenitz_getaria_guethary_isabellemiquelestorena08
2014tik Baleapop festibala Donibane Lohizunen iragaiten da. ©Isabelle Miquelestorena

Balea Pop festibalak aurten seigarren urtemuga ospatuko du. Getaria eta Bidartetik pasa ondoren, duela bi urte Donibane Lohizunen ospatzen dutela. Gehienbat Dukontenea gunean ekitaldiak iragan arren, Donibaneko merkatuan, herri erdigunean edo itsas bazterrean ere programaz gozatzeko parada eskainiko dute.

Balea Pop festibaleko antolatzaile bat den Jeanne Boulardek adierazi duenez, urteak pasa eta ospakizuna sendotzen joan da. Horri esker, urtetik urtera festibala Donibane Lohizunen integratu da eta berarekin batera datozen printzipioak ere tokikotu dira.

Aurten, hain zuzen ere, ingurumenaren aldeko apustu garbia egin dute. Garapen iraunkorraren bidetik, Boulardek sistema ekologikoari lehentasuna eman diotela esplikatu du. "Tokiko ekoizleekin lan egin dugu eta Bizi Garbiarekin egindako elkarlanari esker, besteak beste, hondarkien kudeaketa ere zaindu dugu", gehitu du.

Euskararekiko engaiamendua

Urtero bezala euskarari toki berezi bat eskainia zaio festibalean. Hain zuzen ere, Ile Gorria komisioak euskal kultura eta hizkuntzaren transmisioaren alde lan egiten du eta horretarako neurriak plantan jartzen ditu.

Ospakizunaren denboran, Donibane Lohizuneko ostatu batzuek euskaraz eskatzeko esaldiak islatuko dituen taula bat ukanen dute. Horretaz gain, joko baten bidez, euskaraz hitz egiten duenari sariak banatuko zaizkio. Balea Pop festibalaren partaideen artean, EEP eta ICB elkarteak atzemaiten dira.

Donibane Lohizunen instalatu baino lehen, duela sei urte ospakizuna Getarian iragaiten zen. Urteak pasa eta lortu zuen ospearengatik lekua ttipia bilakatu zen eta Bidartera joan behar izan zuten. Azkenean, duela bi urte Donibane Lohizunen festibala antolatzea lortu zuten. Antolatzaileen %90a bertakoa dela azpimarratzekoa da.

Balea Pop festibaleko programa osoa hemen ikusgai.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK