Kazeta

Eraso sexistak areagotzen dira Baionako bestetan

Baionako bestak hasi direnetik, lau pertsonek eraso sexistak sufritu dituztela salatu dute. EITBko kazetaria eta mutikoa gazteaz gain, bi neskek ere erasoak sufritu dituztela salatu dute. Gertakizunak salatzeko, PAF mugimendua, Aitzina eta Baionako Gazte Asanbladak deiturik elgarretaratzea eginen dute 17.30etan Laborarien xokoan. Tixerta beltz batekin karriketara ateratzeko deia luzatu dute.

Eraso sexisten kontrako afixak jarri dituzte Baionako besten karietara. ©Isabelle Miqulesterona.
Eraso sexisten kontrako afixak jarri dituzte Baionako besten karietara. ©Isabelle Miqulesterona.

Uztailaren 29an, Baionako bestak hasi direnetik, eraso sexistak salatu dituzten pertsonak lau dira jada. Azkena, Berria egunkariaren arabera, bi neskek asteazken gauean sufritu duten erasoa da. Gertakizunak salatzeko, elgarretaratzea eginen dute uztailaren 31an 17.30etan Laborarien xokoan. PAF mugimendua, Aitzina eta Baionako Gazte Asanbladak deituz,  tixerta beltz batekin karriketara ateratzeko deia luzatu dute.

Berria egunkariaren arabera, asteazken gauean beste bi neskek eraso sexistak sufritu zituzten. Horietako bat Errobi ibaian zenean gizon talde bat hurbildu eta erasoaren beldurragatik, bere burua ibaira bota zen.

Beti ere, euskal komunikabidearen arabera, bigarren emaztea lurrean aurkitu zuten. Hunek galtza eta tixerta urratuak zituen eta besoetan zituen marketaz gain, gorputz gainean esperma zeukan. Emakumeek, mementoz, ez dute salaketarik ezarri.

Oroitu behar da, asteazken gauean ere 20.00ak aldera EITBko kazetari batek erasoa sufritu zuela. Zuzeneko konexioa egiten zuenean, mutil bat hurbildu eta ipurdian zaflako bortitza eman zion. Halaber, lehen egunean ere, 18 urteko mutikoa gazte bati felazio bat egitera bortxatu zioten Baiona Ttipian. Hunek salaketa jarri du eta gertakizunak argitzeko ikerketa abian da.