Musika klasikoa deskubritzeko festibala

Abuztuaren 3tik 14ra piano klasikoaren Nazioarteko Festibala iraganen da Biarritzen. Seigarren edizio huntarako, antolatzaileek estereotipoak alde batera utzita, programa aberatsa eta originala proposatuko dute.

Argitxu DUFAU|2015/07/30 16:45|0 iruzkin
Img_2231
Arthur Valverdek festibalaren afixa diseinatu du. © Argitxu DUFAU

Piano klasikoaren Nazioarteko Festibalaren seigarren edizioa abuztuaren 3tik 14ra iraganen da Biarritzen. Nahiz eta programa klasikoa izan, publiko zabala etorrarazteko helburua du. 

Baionako festak bukatu ondoren, festibalak kalitatezko eta ez ohiko musikaz gozatzeko parada eskainiko du. Aurten hautatu duten gaia "Metropolisa" da. "Mundu osoko hirietan geldialdiak egin nahi ditugu", adierazi du festibaleko zuzendari musikala eta pianista den Thomas Valverdek.

Horretarako, mundu osoko artistak Biarritzera hurbilduko dira eta beren musikaren bidez entzuleek Vietnamen, Istanbulen edo Varsobian geldialdiak eginen dituzte. "Geldiuneak ez dira akademikoak, benetan bidaiatzeko parada eskainiko dute", gehitu du.

Festibalean parte hartuko duten artisten artean Fasil Say pianistaren presentzia nabarmentzekoa da. Programa klasiko bat proposatuko du eta aldi berean bere konposizioak entzuten ahalko dira. Bere doinuak musika orientalean eta okzidentalean oinarritzen dira; bere obran agertzen den hizkuntza bikoitza da. Antolatzaileek aipatu dutenez, artista horrek adierazpen askatasunaren aldeko iraultzetan parte hartzen du.

Hogei bat artistek Mozart, Chopin, Shubert edo Ravelen musikak entzunaraziko dituzte. Aurtengo parte hartzaileak gazteak eta berritzaileak dira. Horietariko batzuek jazz edo folk estiloen ukituak joko dituzte, baina baita doinu elektronikoak edo bideo jokoei lotutako doinuak ere.

"Musika klasikoa ez da elite batentzat egina"

Kontzertuak Biarritzeko Kasinoan iraganen dira eta bertara hurbilduko direnek David De Haro argazkilari euskaldunaren erakusketa ikusteko parada izanen dute. Halaber, bi piano publikoaren eskua jarriko dira publikoaren eskura.

Beste kontzertuak Arcangueseko elizan eta Jauregiko Hotelean eginen dira. Urteak pasatu eta, festibalak ospea lortu eta lankidetza sarea garatu du. Hala, bi kontzertu eskainiko dituzte Ipar Euskal Herriko zerbitzu geriatrikoetan. "Musika klasikoa ez da elite batentzat egina, baizik eta deskubritu nahi duen pertsonarentzat", gehitu du antolatzaileak.