Jurgi Ekiza
Musikaria

Jurgi Ekiza musikariak udazkenean bere lehen bakarkako diskoa plazaratuko du. Proiektua finantzatzeko, Karenaren plataforma bidez, Crowfunding kanpaina abiatu du. Euskaraz izanen diren hamar kantuei esker, Willis Drummonden abeslariak "barnekoa atera" eta disko pertsonal bat egitea lortu du.

 

"Disko hau gauza zaharrengandik askatzeko egin dut"
Iurre BIDEGAIN|2015/07/22 10:40|0 iruzkin
Img_0975
Udazkenean Jurgi Ekizaren diskoa kaleratuko da. ©Iurre Bidegain

"Gehien maite dudana musikan kantuak sortzea da. Barnean duzuna kanpoan delarik. Ateratzea eta zure buruan duzuna transmititzen lortzea izugarria da"

"Seguru aski Willis Drummonden ukitu bat badu, baina taldea maite duten pertsonek ez dute baitezpada disko hau maitatuko eta diskoa maitatzeko ez duzu Willis Drummond maitatu behar"

Nolakoa izanen da zure bakarkako diskoa?

Kantak, gauza zahar eta berrien arteko nahasketa bat dira. Gehienak aspalditik nituen kontzeptuak dira, baina ez nituen sekula grabatu edo amaitu.

Zergatik orain arte ez zenuen egin?

Lana suposatzen du eta batzuetan, adibidez, gerorako uzten duzu letra falta delako edo beste batzuetan bateria falta delako. Abenduan pausa hasi dugunean, denbora anitz pasa dut etxean eta paradoxala izan da. Denak akituak ginen, baina etxean egin dudan lehen gauza gitarra jotzea izan da. Aspaldiko ideia horiek berriz hartu ditut.

Atzemanen duguna, zutaz ezagutzen dugun estiloaz urruntzen da?

Egia errateko ez dakit sobera azaltzen. Nire ustez rocka da, baina alde ilun bat badu. Seguru aski, Willis Drummonden ukitu bat badu, baina taldea maite duen pertsonek ez dute baitezpada disko hau maitatuko eta diskoa maitatzeko ez duzu Willis Drummond maitatu behar. Hala ere, gauza amankomunak badira; azken finean ahotsarekin abestiak asko identifikatzen dira.

Zure helburua orain arte ezagututako estiloaz urruntzea zen?

Egia erran, ez dut horri pentsatu. Kantu hauek seguru aski ez ziren Willis Drummonden disko batean sartuko orokorki progresiboak direlako. Hari bat dago kantuen artean eta, aldiz, Willis Drummondekin beti zati bakoitza hausten genuen. Gainera, taldean bakoitzak bere ideiak ekartzen ditu eta horrek aberastasuna sortzen du. Hor, aldiz, pixka bat bitxia da zu zeuk dena egiten duzulako. Ez dut dena nik egin, nik egin dudala errateko. Hastapenetik zerbait egin dut: nire buruari ateratzen zitzaidana onartzea behartu diot. Hori ateratzen bazen, horrela utzi behar zen.

Zure pertsonaren baieztapena bilatu duzu?

Buruan hori nuen, atera zait eta den bezala utzi dut. Batzuetan kantu kalme bat ateratzean, jendeari pentsatzen nuen, baina justuki hori ez kontutan hartzen ikasi dut. Eskema alderantziz ezartzen saiatu naiz.

Taldean pausa bat egitea erabaki ondoren, noiz pentsatu duzu bakarkako diskoa grabatzea?

Ez da horrela pasatu. Aspalditik buruan nuen diskoa egitearen ideia, baina dena etortzen zen heinean egin dut. Willis Drummondekin ez genuen pentsatu pausa hain luzea izango zenik, baina bakoitza bere gauzetan murgildu da. Paraleloki, etxean denbora asko pasa dut eta maketatzen hasi naiz, baina beti plazerrarentzat. Ohartu naiz Willisekin erritmo batean sartuak ginela eta ez genuen denborarik kantuak sortzeko.

Maketak otsailerako prest nituen eta lagunei entzunarazten hasi naiz. Egitekotan segidan egin nahi nuen, fase berezi horretan nintzelako. Alde batetik, lehen diskoa izanki badirudi etapa berri baten hasiera dela baina nik arrunt fase baten bukaera bezala bizi dut. Diskoa gauza zaharrengandik askatzeko egin dut, baina orain nire burua diskoarengandik askatu behar dut.

Gozatzeko une hori galdu zenutela erran duzu, berriz gozatzeko parada atzeman duzu?

Willisekin asko gozatu dugu eta ez gira inoiz puntu horretara iritsi, bakarrik akituak ginen. Ez genuen indarrik horrela segitzeko. Maketak amaitzean plazerra izan da, baina berriz hasi dut dena eta luzea da. Musikan gehien maite dudana kantuak sortzea da. Barnean duzuna kanpoan delarik. Ateratzea eta zure buruan duzuna transmititzen lortzea izugarria da. Hori plazerra izan da, baina sufrimendua beste alde batean dago. Dena nik egitearen kontzeptu hori hor dagoenez, zaila da. Erabaki guziak nire gain dira eta pisua da, zerbait gaizki bada zure errua da.

Proiektu berri hunekin zein dira zure beldurrak?

Gaur egun, lehena crowfundigaren helmugara ez ailegatzea da. Gainera, bakarrik izanki ez duzu taldearen sostengua. Inporta zaidan jendeari ez bazaio gustatzen, zaila izanen da.

Zergatik hautatu duzu crowfunding sistema?

Egia errateko ez nuen diskoetxe bat atzemaiteko gogorik. Nire helburua diskoa autofinantzatzea da; amets bat da. Crowfundingak askatasun bat ematen dizu. Jarraitzaileekin harreman hori sortzea oso polita da. Ez duzu gauzak sortzeko inoren beharrik. Gaur egun, autoekoizpenak gauzak ongi egiteko aukera handiak ematen dizkizu.

Disko berri hunekin, nun gustatuko litzaizuke lehen kontzertua egitea?

Ez dut joko dudan edo ez erabaki. Zinez, diskoa oso pertsonala da eta lehenik nola errezibitua izanen den jakin behar dut. Jendeak entzun nahi badu zerbait landuko dut. Crowfundingean, kontzertu baten sarrera dago 50 euroren truke, beraz mementoko segurtatzen dudan kontzertu bakarra hori da. Crowfundinga eman duten pertsonei zuzendua izanen denez, leku praktiko bat pentsatzen saiatuko naiz.

Zure barnekoa publikoaren aitzinean emaitea beldur duzu?

Orain arte, taldea zen nire bizia. Nere burua taldearen arabera ikusten nuen, horregatik diskoa desafio bat da. Beldurgarria da.

Willis Drummonden taldekideek zer diote?

Grabaketa entzunarazi diet. Maketa zortzi-hamar bat pertsonari erakutsi diot. Jendeari entzunaraztea ere beldur nintzen. Disko horren helburua jendeen influentziarik gabe ateratzea da.

Willis Drummond taldearekin zer gertatuko da?

Pausan gira eta segur da berriz bildu nahi dugula. Ez dugu alde batera utzi. Ez da pentsatu behar nire erabakia dela, amankomuna izan da. Azken finean, bakoitza bere proiektuetan sartu da. Nire ustez, denek dugu itzultzeko ideia.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK