Errobiko Festibala: hogei urtez sorkuntza librea taula gainera eramanez

Uztailaren 23tik 26era Errobiko Festibalak 20. urtemuga ospatuko du Itsasun. Ibilbide horretan kulturaren forma berriak asmatuz, Ezkandrai elkarte antolatzaileak betiko ohiturak mantentzen jakin du.

Justine GIRAUDEL|2015/07/21 17:10|0 iruzkin
Camel-zekri-photo-pequin-_jpg_reference
Uztailaren 25ean Camel Zekrik festibalaren urtemuga ospatuko du. © Pequin

"Hastapenetik frogatu dugu gure euskal kultura, galdu ordez, garatzen eta indartzen dela beste kulturekin harremanetan berdintasunean sartzen delarik", adierazi du Errobiko Festibalaren antolatzailea den Beñat Achiaryk. Ezkandrai elkarteak prestatzen duen ospakizunak, uztailaren 23tik 26era, 20. urtemuga ospatuko du eta horretarako beste behin ere sorkuntza espazio bat bilakatuko da. 

2015eko edizioan hamarka artista elkartuko dira hiru egunez adin guziei zuzendutako programa eskaintzeko. Proposamenen artean, ikusgarriak, erakusketak edo kontzertuak atzemaiten ahalko dira.

Errobiko festibalak, harremanak trukatzeko espazio bat bilakatzeaz gain, "kultur manifestaldi kontsumistatik urrunduz, hats libre baten espazioa lantzen du". Achiaryk esplikatzen duen bezala, lehen urtean Jacques Berquen hitzak erabili zituzten festibala deskribatzeko: "Aitzinakoa, ez beti terrenta bera gisa errepikatuz... baina berrikuntzak betikoa berritz aurkituz". Gaur egun aztarnak ez dituzte ahaztu, baina egoera berriei aurre egiten jakin dute.

Sorpresak ere

Uztailaren 23an 17.00etan mintzaldi-ikusgarri batek hasiera emanen dio ospakizunari. Hain zuzen ere, "krisia garaietan, kultura kontsumo produktu bat dea, salgai galkor bat..." gaiarekin idekiko dute eztabaida.

Biharamunean, eguneroko hitzaldia ondoren, 15.00etan haurrak oihanera joanen dira eta ondotik, kontzertuen mementoa ailegatuko da. Larunbatean, 18.00etan pilota partida antolatuko dute, "sorpresa polit batekin".

Errobiko festibalaren programa osoa hemen ikusgai.