Froomek etapa eta Tour erdia poltsikoratu ditu San Martingo Harriko aldapetan

Chris Froomek Tour erdia bere esku du San Martingo Harrian amaitu den etapan erakustaldia eman eta gero. Minututik gorako errenta lortu du Nairo Quintanaren aurrean, Contadorrek ia hiru galdu eta Nibali jokoz kanpo utzi duen bitartean. Lasterketak 35 kilometro egin ditu Euskal Herrian.

Naiz|2015/07/15 10:10|0 iruzkin
Dv2084326
Chris Froome, San Martingo Harriko helmugan. (Eric FEFERBERG / AFP)

Tourrak, mendiko lehen etapan, hautagai nagusi bakarra utzi. Chris Froomek, 2013ko irabazleak, erakustaldia eman du San Martingo Harriko aldapetan eta bakar bakarrik geratu da sailkapen nagusiaren buruan. Hori gutxi balitz, bere taldekide Richie Porte tasmaniarra izan da bigarren helmugan. Hirugarren Nairo Quintana kolonbiarra izan da, minututik gorako galerarekin.

Movistar eta Sky taldeek jarri dute erritmoa igoeran, eta laster hasi dira sailkapen nagusiaren lehian behar zuten hainbat txirrindulari atzean uzten. Bardet, Joaquim ‘Purito’ Rodriguez, lehiatik kanpo zegoen Nibali eta baita Alberto Contador bera ere, zeinek hiru minutu galdu dituen helmugan.

Aurrean talde txikia geratzen zenean, Valverdek pare bat saiakera egin ditu, baina Porteren erritmoak lehertu du tropeltxoa. Froomek berak eman dio errematea helmugatik sei kilometrora erasoa joz. Handik helmugara erakustaldia. Quintana kolonbiarra saiatu da ahalik eta denbora gutxien galtzen eta Tejay Van Garderen estatubatuarrak ere hor utzi ditu indarrak, azken kilometroetan faltan bota dituenak.

Ezusteko positiboen artean aldiz, Robert Gesink izan da, zeinek urrutitik eraso duen eta azkenean laugarren postuan amaitu duen.

Tourrak mendi eta etapa ugari ditu oraindik aurretik, baina Sky taldeak eta bereziki Froomek eman duten aurrerapausoak hautagai nagusi bakartzat utzi du Kenian jaiotako britaniarra.

Bihar beste etapa gogor bati egin beharko diote aurre. 188 kilometroko etapa Cauteretseko aldapetan helmuga harrapatuta. Aurretik, hala ere, Aspin eta Tourmalet gainditu beharko dituzte. Gaurkoan denbora galdu duten txirrindulari ugarik urrutitik mugitzeko aukera polita eskainiz.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK