Oroitarriak, armarriak, harriak eta herriak

Lekorneko Garroa gazteluaren irudia. (Gaizka IROZ)
Lekorneko Garroa gazteluaren irudia. (Gaizka IROZ)

Hazparneko herrigunetik Lekornerako bidean, Urtsuia mendiaren belardietan, harritzar bat dago «Pasarazle deportatu Frantziako ihesliarrez oroituz» ezartzen duena. Halere, «A la mémoire des passeurs, déportés et évadés de France» dioen frantsesezko idatziak euskarazkoak baino errazago agertzen du 1940-44 urte artean Frantziatik ihes egindakoak ohoratzeko harria dela, askatasunaren armadan parte hartzeko egin baitzuten ihes, nazien Hirugarren Reichak Frantzia okupatu zuenean. Republique française izena galdu zuen hexagonoak orduan, Vichyko Erregimenak hartu baitzuen kudeaketa, eta estatu frantsesa bilakatu zen, faxismoari keinu eginaz. Baina erresistentzian aritzeko, anitz izan ziren erregimenari iskin eginda Pirinioetatik muga zeharkatu zutenak, asko eta asko euskaldunak, eta borrokan jardun ziren denak; haien guztien omenez, «stèles des évadés de France» izeneko oroitarriak daude Hazparnen bezala Azkainen, Hendaian, Ziburun, Getarian, Itsasun, Biarritzen eta Atharratzen, baita Frantziako hamabi tokitan ere, gehienak Pirinio inguruan. Lekornen aldiz, Garroko gazteluak badauka oroitarri eder bat, 1931ko data duena, eta han, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako armarriak ageri dira, justuki, hegoaldeko lurrei Bigarren Errepublika espainiarrak estatuari libreki federatzeko itxaropena sortu zien urte berean.

Eta hemen, urte anitz geroago, euskaldunok harri artean segitzen dugu, bai hego eta bai ipar; astunegiak bilakatzen ari zaizkigun harriak daramatzagu itxaropenaren poltsikoan, besteek ezarriak izan direnak; baina harriak baztertuta herri bat eraiki nahi dugula adierazten jarraitzen dugu halere. Etorkizunak, arina izateko, ez duela harrien beharrik ohartuta gaudelako beharbada. Hala laburbilduko nuke EHZ jaialdiak utzi didan sentsazio nagusia, iraganeko harriei oles egin bai baina harririk gabeko pentzean aitzina egin nahi duela ikusarazi baitit egunotan, hemen ez dago mugarik, aldaketari ez zaio beldurrik, ausart jokatzeko gaitasuna dute gazteek, eta batez ere nehoren zain ez egoteko deliberoa, geroa gaurdanik egitekoa. Baztertu dituzte talde eta marka handiak, publizitatearen harrabotsak, eta tokikoari egin diote tokia. Euskal gazteria bakarraren melodia ez da teoria, egia baino ez da, gauzatzen ari dena, praktikoki. Zorionak EHZ, segi urtero sortzen, segi.