Iurre BIDEGAIN

Etxepare lizeoko ikasle guziek Baxoa lortu dute

Uztailaren 7an 10.00etatik aitzina aurtengo Baxoaren emaitzak argitaratu dituzte. Seaskak Bernat Etxepareko ikasleen %100ak baxoa gainditu duela adierazi du.

Cassin lizeoan egindako aldarrikapenaren irudia. ©Isabelle Miquelestorena
Cassin lizeoan egindako aldarrikapenaren irudia. ©Isabelle Miquelestorena

Bernat Etxepare lizeoko Terminaleko ikasle guziek Baxoa lortu dute. Uztailaren 7an azterketaren emaitzak argitaratu bezain laster, Seaska elkarteak euskal ikasle guztiek Baxoa gainditu dutela adierazi du. Seaskako lehendakaria den Paxkal Indok "poza" transmitituz, "beste behin ere beren gaitasunak" erakutsi dituztela gaineratu du.

Etxepare lizeoko ikasleen %100ak azterketa lortzeaz gain, Seaskaren arabera 59 ikasleetatik 46ek aipamenarekin lortu dute. "Baina emaitza soilei so egin gabe, zenbakiek erraiten dutena baino gehiago, haurrak nerabe eta nerabeak heldu bilaka daitezen da gure xedea, bizitzan moldatzeko tresnak eskura ditzaten, jendartean eragile izan daitezen eta batez ere ikasketa urteetan zoriontsu izan daitezen", zehaztu du Seaskak agiri baten bidez.

Lehendakariak ez dela "urte erraza izan" zehaztu du. Hain zuzen ere, matematika bezalako ikasgaietan gai "zorrotz eta bihurriegiak" proposatu zatzaizkietelako. "Lizeoan ikasleek motibazio berezi bat erakusten dute. Gainera, ulertu behar da euskaraz ikastea eta frantsesez azterketa egitea batzuentzat ariketa zaila dela, baina hala ere lortzen dute", gehitu du Indok.

Seaskaren xedea

Gogoratu behar da, Etxepare lizeoko ikasleek, historia-geografia, matematika, euskara, zientzietako lan praktikoa eta LPJ talde ikerketa lanaren azterketak euskaraz pasatu dituztela. Aldiz, urtean zehar euskaraz ikasitako biologia, fisika, filosofia eta ekonomia frantsesez egin dituztela.

"Nahiz eta emaitza hoberenak lortu dituzten gure zoriona ez da osoa izanen, ikasleek Baxoa osoki euskaraz egiteko ahala ukan arte", esplikatu du Seaskak. Elkarteak euskaraz ikasteko eskubidearen alde eta "murgiltze ereduaren ezagupenerako" lanean segituko duela adierazi du.