Goizeder TABERNA

Belaunaldi guziak elkarturik 20. edizioa ospatzeko

EHZ festibalaren azken eguna publiko zabalari idekia izan ohi da. Aurten, edizio berezia izanki ospakizun bereziak izanen dira igandean.

Il Muro del Canto taldeak Erromako ipuin tradizionalak ditu abiapuntu. © Bob Edme
Il Muro del Canto taldeak Erromako ipuin tradizionalak ditu abiapuntu. © Bob Edme

Euskal Herria Zuzenean festibala ez da etorrarazten dituen taldeengatik baitezpada ezaguna, bere osotasunarengatik baizik. Osotasun hori argazki bakar batean har daiteke, aurten, festibalak eremua antolatu duen manerari esker. Eta EHZren 20. urtemuga kari, opari ederra da hurbildu diren jendeentzat. Haatik, ez da bakarra izanen asteburuan zehar.

Larunbat arratseko su ikuskizunaren ondotik, igandean, ospakizun berezi bat iragarri dute antolatzaileek. Eguerdiko ordu batean iraganen da. Kanaldudek erretransmisioa segurtatuko du eta KAZETAK tenore berean bere weborrian eskainiko du. Festibaleko hirugarren egunean izan ohi den bezala, belaunaldi askotako publiko bat bildu beharko litzateke uztailaren 5ean.

Zikiroa, kantaldia (Anje Duhalde, Petti, Maialen Errotabehere eta Aguxtin Alkhat) eta dantza ikuskizuna (Istan-T) izanen dituzte gitarra elektrikoaren doinu zaluak gustoko ez dituztenek. Arratsaldeko 4etako mintzaldian, aldiz, aldaketak izan dira. Greziari buruzko tartera Syrizako ordezkari bat etorri behar zen, baina azken egunetako gertakariek eragotzi dute. Haren ordez, han diren bi euskal herritarrek hitz eginen dute, Internet bidez.

Haurrek, aldiz, egitaraua prest izanen dute. Garroa gazteluaren ondoan, xoko bat apailatua izan da joko eta tailer bereziekin. Larunbatean, adibidez, Hegalaldia elkarteko kideek xorien bizitzeko manera kondatu diete xoko horretarat hurbildu diren haurrei. Beste batzuk zirkoan ari izan dira, Oreka elkartearekin.

Erromako ipuin tradizionala abiapuntu

Arratseko kontzertuak goaitatu gabe, horrez gain, egun osoan zehar badira proposamenak. Ohikoa da ezagupenik gabeko herrietatik etorritako taldeak izatea. Un Gos Robant Kataluniako taldea, adibidez, igandean, arratseko 8etan izanen da. Bezperan, horrelako beste talde batzuk izan dira. Tartean, Il Muro del Canto italiarra.

Erromako dialektoan kantatzen duen boskote honek badu beste berezitasunik : Erromako ipuin tradizionaletik abiatzen da, ondoren, gaurkotasuna duten gaiak, borrokatzen dituzten gaiak, lantzeko. Maitasun, borroka eta eliz istorioak dira abiapuntua. "Sentimentuak transmititzeko erresago dela iduritzen zaigu. Gainera, istorio mota hori gure kulturaren parte da", dio Giancarlo Barbatik (gitarra). Tristezia eta ironia elkartzen ditu, "gure herrian, trajediaz trufatzen bakira", eransten du.

Eta oholtza gainean ageri da, musika tristea baina festa girokoa ere eskaintzen baitute. Ez dira bakarrak musika mota hori egiten, baina lehenetarikoa direla diote. 2010ean sortu zen Il Muro del Canto. Ludovico Lamarra baxu jolearen kantu baten inguruan elkartu zen boskotea. Gaur egun, Alessandro Pieravanti perkusionistak ere parte hartzen du idazketan. Eric Caldironi eta Daniele Cocciak, hurrenez hurren, gitarra eta ohatsak egiten dituzte.

Herritik heldu den musika bat sortu nahi dute eta ez "intelektuala", Pieravantik dioenez, "imajinario batean dagoen Erroma bat kondatu nahi dugu, gure nortasuna ez galtzeko".