Kattin Chilibolost

Baigorrik badu osasun etxea

Mediku gazte bat jin berria da Baigorriko osasun etxera, berri “ona, baina ez nahikoa” osasun etxeko langileentzat.

Baigorriko osasun etxeko kinesiterapeuten sala komuna © Isabelle Miqueletorena
Baigorriko osasun etxeko kinesiterapeuten sala komuna © Isabelle Miqueletorena

2015. urte honetan, Baigorrik bi mediku galdu ditu, alabaina herrian berriki ideki den osasun etxeak mediku berri bat du: Arnaud Labat. Etxe horretan, arreta mota anitza ematen da, baina osasun zerbitzua oraino eskasa litzateke Baigorriko haraneko biztanleentzat.

Baigorriar eta ingurukoei hurbiltasunezko osasun zerbitzu baten emaiteko xedez, osasun ofiziale andana bat elkartu da osasun etxean. Martxoaz geroztik, osteopata, ortofonista, dentista, ergoterapeuta, ortoptista eta emaintxa bana, zein bi kinesiterapeuta, zazpi erizain eta bi pediatra Baigorri eta inguruetako jendeen sendatzeko ber tokian jarri dira lanean.

Toki hori, geltoki ohia besterik ez da. Luzaz hutsik eta funtziorik gabe gelditua zen gune hori 2012an arraberritzen hasi zuten, urte guti batzuk berantago medikuei lekua egiteko. Gela koloretxu eta argitxuak dituzte orai. Bertara haur eta zaharrak hurbiltzen ahal dira erraz, igoigailu batez ekipatu dutelako geltoki ohia.

Lurralde kolektibitateek (Estatua, Erregio eta Departamenduak %60an) eta herriko etxeak (%40an) emandako diruaren bidez gauzatu da 2007an hausnartu zen proietktua. Denboran, herrietan medikuntza zerbitzu eskasei aurre egiteko osasuneko ofiziale batzuk bildu ziren. Laster Baxe Nafarroa sindikatarekin osasun etxe baten sortzeko lanetan hasi ziren. 2013an, erabaki zen polo bat Baigorrin eta beste bat Donapaulen eraikitzea.

Osasun ofiziale eskasia Baigorrin

Osasun etxea sortu izanik ere, haraneko mediku eskasia ez da arras konpondu. Argitxu kinesiterapeutak osasun etxearen proiektuan permanentzia baten jartzeko ideia zegoela azaldu du. Berez, goizeko 8etatik arratseko 20ak arte lekuetan mediku bat ukan nahi lukete. Denbora horren betetzeko, beste mediku baten beharra lukete.

"Basamortu medikala" delakoa 100 mila biztanlerentzat ehun mediku direnean aipatzen da. "Kalkuluak egiten baditugu, hemen 34 mediku baizik ez ditugu 100 000 biztanleendako", azaldu du kineak. Egoera hori ez litzateke Baigorri edota Euskal Herriari mugatua, frantses Estatuko herri gune guzien arazoa baizik.