Idoia ERASO
Elkarrizketa
Pauline Guelle eta Jean-François Lefort
EHZko bozeramailea eta sortzaileetako bat

"EHZn hiru egunez, mikrogizarte ideal bat eraikitzen da"

Uztailaren 3tik 5era Euskal Herria Zuzenean festibala iraganen da. Ospakizunaren bozeramailea den Pauline Guellek eta EHZren sorrera bizi izan zuen Jean-François Lefortek jaialdiaren berezitasunak esplikatu dituzte. Bi belaunaldien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak agerian gelditu dira.

Pauline Guelle eta Jean-François Lefort iruditan.
Pauline Guelle eta Jean-François Lefort iruditan.

Bi hamarkada pasa dira “Arrosako Zolan” Euskal Herria Zuzenean jaialdiak lehen aldiz euskal gazteria bildu zuenetik. Garaian sortzaile izan zirenak, orain beste lan batzuetan ari dira, eta, hala, gaur egungo gazteek hartu dute gidaritza. Galdera berdinei batzuek eta besteek emandako erantzunek urteok ekarritako aldaketak agerian utzi dituzte.

Zuentzat zer da EHZ?

Pauline Guelle: Elkargune bat da, non hiru egunez mikrogizarte ideal bat eraikitzen den. Teoriatik praktikara ideiak eramateko egina izan da. Horren adierazle dira komun idorren eta txosnen eraikitzea, euskal hedabideen elkarlana, web telebista, EHKZ proiektu parte hartzailea, bertako produktuen eskaintza...

Jean François Lefort "Lof": EHZ festibal bat baino gehiago da; festa, musika eta baita borroka ere uztartu nahi ditu. Hogei urteotan rol berezi bat izan du Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herrian oro har, alternatibaren ikur izan delako. Hogei urte berantago segitzen du izaten eta hori biziki garrantzitsua da.

"Hogei urte, urtero sortzen" da aurtengo leloa. Zer dago esaldi horren gibelean?

P. G.: Hogei urtez EHZ sortzaile izan dela azpimarratu nahi genuen. Festibalak bi hamarkada bete ditu, eta, ikuspegi nostalgiko bat hartuta ospatu ordez, geroari begira jarri gara, sorkuntzari leku berezia emanez. Lema azken hogei edizioetan izan diren laguntzaile eta publikoari zuzenduta dago, jakinez proiektua urtero eraberritu eta birpentsatu dela.

J. F. L.: Festibalaz okupatzen den gazteriak tresna horren funtzioa zein den eta eginahalak euskal gazteriarengan eragin gehien izateko nola baliatu pentsatu behar du urtero. Festibal berri bat asmatu behar da urtero, errepikatzen dena, baina elementu berriak ekartzen dituena.

Urtemuga honen karietara hasierako eta gaurko belaunaldiak elkartu zarete, zer nabarmenduko zenukete?

P.G.: Hogei urteko transmisio lana eramana izan dela, eta, nahiz eta berritzailea izan, aurtengo proiektua lehen belaunaldiari ere mintzatzen zaiola. Hogei edizio eta gero ikusten dugu proiektuaren oinarriak atxiki ditugula, testuingurura egokituz. Gainera, ohartzen gara pausoak egin ditugula; aurten ere bihurgune bat hartu dugu programazioaren aldetik, eta lehen edizioaren antolatzaileen oharrak biziki positiboak izan dira.

J.F.L.: Gure belaunaldian bada poztasuna ikustean gazteria berri bat geroa eskuen artean hartzen ari dela, eta segitzen duela pentsatzen, gogoetatzen eta eragiten. Harritu nauena festibal berean garai desberdinetan aritu garela baina elkar ezagutzarik ez dela da. Beharbada oraingo belaunaldiak ez daki edo guk ez diogu transmititu zer izan ziren festibalaren lehen urteak, zertarako erabaki genuen horrelako tresna bat sortzea. Eta memoriaren transmisioak badu garrantzia Euskal Herrian.

Zerk eraman zintuzteten festibaleko kudeaketan/sorreran parte hartzera?

P.G.: Ideia batzuk teoriatik praktikara pasatzeko nahiak. Ohartu nintzen sekulako formakuntza elkartea zela EHZ, eta, gainera, Ipar Euskal Herriko proiektu orokor batean parte hartu eta militatu nahi nuen.

J.F.L.: Kolektiboki hartu zen erabakia izan zen; duela hogei urte Ipar Euskal Herrian gazteriaren aldetik dinamika eta borroka pizteko borondate bat bazela sentitzen genuen. Garai horietan hainbat tresna berri sortu ziren eta festibala horietako bat izan zen, Ipar Euskal Herriko gazteria proiektu politiko-kultural baten inguruan biltzeko tresna.

Nola ikusten duzue festibalak Arrosan sortu zenetik Lekornera heldu arte egin duen bidea?

P.G.: Harrigarria dena laguntzaile sarearen egonkortasuna da. Jakin behar da hiru egunetan 600 laguntzaile badirela festibalean, sekulako lorpena da! Bestalde, EHZ oztopo anitzen gainetik aitzina joan da, izan ekaitza, ezker abertzalearen zatiketa, zailtasun ekonomikoak, lekualdatzeak... Horri lotuta, Ipar Euskal Herriko barnealdean izan duen eraginkortasuna azpimarratuko nuke. Arrosatik, Lekornera, Idauze-Menditik eta Heletatik pasatuz, beti bertako jendearekin harremana ukaitea lortu du. Azkenean, hitzordu nagusi bat bilakatu da Ipar Euskal Herriko jendearentzat eta beste jende bat ere erakarri du euskal mundura.

J.F.L.: Hogei urtez iraun du eta hori asko da, izan ere, beti azpimarratu behar da festibalak ez duela laguntza publiko handirik eta ez duela multinazionalen diru laguntzarik, bereziki ez duelako nahi. Festibal independente bat izan nahi du, ideia berriak eta geroa artekatuz. Belaunaldi artean transmititutako baloreen segida izan nahi du.

Ibilbide osoa aztertuta, zer kritika egingo zenukete jaialdiak izandako gauza positibo eta negatiboak kontuan izanik?

P.G.: Ez dut pentsatzen zilegitasun handirik dudanik kritikak egiteko! EHZk oztopo anitz gainditu ditu eta horrek erakusten du berrasmatzen den elkartea garela, laguntzaileek ez dutela egitasmoa bazterrera utzi; azken finean, proiektuaren indarra horretan da. Bestalde, segur kritikak izan ahal direla, adibidez, aurten parte hartuko duten taldeak aukeratzeko gogoeta sakona egin dugu eta erabaki dugu bihurgune bat hartzea izen handirik ez ekarriz. Erabaki hori autokritikatik hartua izan da.

J.F.L.: Alderdi onen artean gazteriaren engaiamendu, parte hartze eta konpromisoa nabarmenduko nituzke. Ez nuke kritika txarra denik erranen, baina festibalak Ipar Euskal Herriko gazteria osoari irekitako tresna bat izaten segitu behar duela bai azpimarratuko nuke; izan ere, batzuetan nagusiki euskaraduna eta abertzalea den gazteriari ari gara zuzentzen. Jaialdiak kontzientzia hartze nazionalerako tresna bat izan behar du;Ipar Euskal Herrian abertzalea ez den gazte andana bada,baina euskal herritar sentitzen dena eta festibalak behar du sentimendu hori beste zerbait bilakatu. Agian ez dugu beti hori lortu, baina jaialdiko helburu nagusietako bat izaten segitzen du.

Zeintzuk dira etorkizunari begira festibalak dituen erronkak zuen ustez?

P.G.: Orain gainditu nahi dugun erronka urte osoan dinamika bat sortu eta egitarau bat osatzearena. Azken urteetan horretan ari gara zinemaldiaren edo musika topaketaren bidez, baina badugu zer landu. Haatik, segur da beste erronka batzuk izanen direla, baina gure xedea ez da atzetik datozen gazteei zer egin behar duten adieraztea; gazteek hartuko dute proiektuaren gidaritza eta segur aski beraiek beste erronka batzuk atzemango dituzte.

J.F.L.: Erronka nagusia nortasuna atxikitzea da. Hau da, gazteek antolatutako jaialdi independentea izatea eta ez erakunde edo multinazional bati lotutako ekimena. Erronka nagusia ideia berriak elikatzen segitzea eta sistemak inposatu nahi digun bizimoduaren kontrako alternatibak atzematen segitzea ere da. Sakontzen segitu beharko da, lantzen, eta hori lortuko bagenu biziki berri ona litzateke zinez.

 

"Bi hamarkadaz festibala bizirik atxikitzea lortu dugu; bada garaipen bat eta ospatu behar dugu"

Urtemugaren ondorioz jaialdi berezia izanen da aurtengoa. Zer nabarmenduko zenukete aurtengo ediziotik jendea uztailaren 3tik 5era Lekorneko gaztelura bertaratzeko gomita luzatzeko?

Pauline Guelle: Alimaleko zaflako bat bilduko duzuela! Bai programazioaren aldetik bai eskaintza orokorraren aldetik. Aurten bihurgune bat hartu dugu, deskubritzeari eta sorkuntzari leku gehiago emanez. Horregatik, talde edo ikusgarri ezagunen alde egin beharrean, kalitatezko programazioaren alde egin dugu. Musikari dagokionez, Skip&Die talde feminista gomitatu dugu, baita Woods, Deluxe, Cotton Claw edota Last Train ere. Hogei urteak Berri Txarrak taldearekin batera ospatuko ditugu, baita lehen edizioetan parte hartu zuen Massilia Sound System taldearekin ere.

Eztabaida ugari izanen dira eta hainbat gai jorratuko dira, izan Grezia, feminismoa, Kurdistan, presondegiak edo energia. Ikusgarriei begira, Iron Skulls talde katalana edota Pied de Biche taldea izanen dira. Hots, eskaintza anitza izango dugu, eta hori guztia bertako janari eta edariekin uztartuta. Orduan ez duda egin eta etorri festibalak hogei urte betetzen dituela gurekin batera ospatzera.

Jean François Lefort: Azken hogei urteotan festibalean partaide izan diren guziei gomita zabaltzeko gogoa nuke, bi hamarkadaz festibala bizirik atxikitzen jakin dugula erranez; hori bada garaipen bat eta ospatu behar dugu.

Ospakizun horretan momentu hunkigarri bat ere beharko da;zeren eta zenbait bidelagun ez dira jaialdian gurekin izanen. Hainbat laguntzaile galdu ditugu bidean eritasunaz edo istripuz, eta azpimarratu nahiko nuke, denak ez zerrendatzearren, berriki joan zaigun Gabi Phagaburu, Irulegiko Irratiko laguntzailea eta EHZko sortzailea. Gogoan izango ditugu urteotan guzietan gurekin batera lanean aritu diren eta uneotan preso dauden lagunak ere bai.Pentsatzen dut urtemugan horiek guziak gogoan izanen ditugula eta uste dut ospakizuna behar bezala egitea inportantea dela, parte hartzea bultzatuz eta beti lagunak falta ditugula I.E