Goizeder TABERNA

Uber garraio zerbitzuak taxi gidarien kezka eragin du

Internet bidezko garraio zerbitzu berriaren kontrako haserrea erakutsi dute taxi gidariek Biarritzen. Frantses Barne ministroak legez kanpo legokeen jarduera horren kontra arituko dela hitz eman die.

Ekainaren 25ean, Biarritzeko aireportuan elgarretaratu dira taxi gidariak. © Bob EDME
Ekainaren 25ean, Biarritzeko aireportuan elgarretaratu dira taxi gidariak. © Bob EDME

Laurogei taxi ziren geldirik Biarritzeko aireportuan ekainaren 25ean, ostegunean. "Gidaria duten garraio auto"-en kontrako mugimendua jarraiki gelditu dute beren jarduera Ipar Euskal Herriko profesionalek. Interneteko Uber zerbitzua dagoenetik taxi gidarien arrengura areagotu da, legez kanpoko leiha delakoan, eta ostegunean frantses Estatuan izan diren protesta biziak beren haserrearen erakusle dira.

Gidaria duten garraio autoen eta bezeroen arteko harremana egiteko internet zerbitzua 2011n hasi zen garatzen frantses Estatuan. Zerbitzu berri horrek ez du ohiko taxien baldintza berdinetan lan egiten. Espainiar lurraldean debekatua da, haatik, frantses epaitegiek ez dute oraindik auzia trenkatu. Auzitegiek dute enpresaren debekatzea erabakitzen. Anartean, prefeturek aktibitatea baizik ez dute oztopatzen ahal eta hala egin dute jada horietako batzuek. Uber enpresak, berriz, helegitea jartzen du aldi oro.

Ekainaren 25ean Barne ministro frantsesak egin adierazpenek taxi gidariak lasaitu ditu. "Hitz aski azkarrak erabili ditu eta gure lanbidearentzat baikorrak izan dira", poztu da Tony Bordenave, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko taxi gidarien sindikatako ordezkaria. Hala, ofizialki mugimendua bertan behera utzi dute, uztailaren 3an ministroarekin bilkura ukan arte.

Bernard Cazeneuve Barne ministroak arazoa konpontzeko prestutasuna erakutsi du eta argi erran du Uberren jarduera legez kanpokoa dela. Alabaina, justiziak baizik ezin duela Uber enpresa hetsi oroitarazi du. Anartean, horrentzat lan egiten duten gidarien autoak "sistematikoki" kentzea erabaki du eta horretarako, Estatuak kontrolak areagotuko zituela hitz eman du.

Ipar Euskal Herrian ez dago Uber gisako zerbitzurik, baina arriskuren aitzinean eta elkartasunez hemengo taxi gidariek protesta mugimenduan parte hartzen dute.