Jon Leunda

Harrobiko gazteekin batera heldu da Baionako Avironen susperraldia

Azken denboraldi hauetako beherakada gelditzen ari da Aviron, eta badirudi berriz ere goranzko bidean jarri dela. Gutien uste zenean eta etxeko jendearekin heldu da berriz ere itxaropenerako garaia. Harrobi bikaina dauka talde zuri-urdinak, eta zeresana emango du.

Avironen jokalarien gehiengoa etxekoa da, baina kanpotik ere ekarri dituzte. © Gaizka IROZ
Avironen jokalarien gehiengoa etxekoa da, baina kanpotik ere ekarri dituzte. © Gaizka IROZ

Aviron azken urte hauetan izan duen beherakada gelditzen ari da. Azkeneko bost urte hauetan bost aldiz galdu du maila, nahiz eta bitan bulegoetako lanari esker zeudenean jarraitu ahal izan zuen. Azkenekoa iaz izan zen, Akitaniako Ohorezko Mailara jaitsi baitzen, baina beste talde batek zituen diru arazoak zirela- medio maila galdu zuen, eta Avironek, horri esker, CFA 2 mailan jarraitu ahal izan zuen.
Aurten, eta gutien uste zenean, CFA mailara igotzea lortu du. “Aurtengo helburua maila atxikitzea zen. Etxeko jendea ginen gehiena, eta uste dut lan on baten ondotik, helburua bete ez ezik, gainditu dugula”, erran du taldeko atezain Paxkal Elisaldek.

Ziburuko atezaina eskarmentu handikoa da. Avirongo harrobian sortu zen, eta gero Lehen Mailako Tolosara (Okzitania) joan zen. Handik berriz etxera itzuli zen eta jarraian beste ibilbide luze bati ekin zion. Eibar, Real Union, CD Logroñes, Cerro de Reyes, Beasain, Tarbes eta Niort izan dira berriz etxera itzuli aurreko taldeak.

Paxkalek garbi dauka aurtengo denboraldiaren nondik norakoa. “Lagun kuadrilla bat ginen. Aldagela gutitan ezagutu dut horrelako giroa, denak ginen lagunak. Horrek zerikusi handia izaten du azkeneko emaitzan”, erraan du ateko nagusiak. 

Hala ere, azkenean sufritu behar izan dute. “Ekipa aski tipia ginuen. Otsailera arte gauzak ongi joan ziren, partidarik galdu gabe heldu baikinen. Gero, zigorrak eta zauriak agertu ziren, eta bi hilabete aski txarrak iragan genituen. Azkenean berriz lehen genuen jokoa berreskuratu genuen, baina bazirudien berandu izango zela. Azkenean, aldiz, igoera lortu genuen”.

Idarramendik ez du Baionan segituko

Avironen gehiengoa etxekoa izan da, baina kanpotik ere ekarri dituzte, eta horien artean Idarramendi nabarmendu da. Aurrelari gipuzkoarra izan da taldeko golegile nagusietako bat, eta taldeko izarretako bat ere bai. “Nik gomendatu nien zuzendaritzakoei. Berarekin Logroñesen eta Beasainen aritu nintzen, eta jokalari bikaina izateaz gain, pertsona bezala ere horrela da. Hartu zuten, eta emaitza ezin hobea eman du”, azaldu du atezain lapurtarrak. Hala ere, Idarramendik ez du Baionan segituko. “Lan eskaintza ikaragarri bat sortu zaio, eta ezin izan dio uko egin. Adinean aitzina doa, eta etorkizuna ere ikusi behar da. Lan hori eta maila honetako futbola ezin dira uztartu, eta ezinezkoa izanen zaio Avironen segitzea”, baieztatu du.

Gipuzkoarren ekarpena oso garrantzitsua izan daitekeela ere adierazi du Paxkalek, nahiz eta onartzen duen zailtasunak ere badaudela. “Hizkuntzaren arazoa izan daiteke gakoetako bat. Euskal hiztunak bagaude aldagelan, baina ez gehiegi, eta frantsesa menderatzen ez duenak atzera egitea ulertzen dut, nahiz eta denen artean berehala moldatuko ginukeen. Bestea, diruarena izan daiteke. Espainiako Ligan baino gutiago ordaintzen da hemen, eta hori beste baldintzetako bat izan daiteke. Orain, hori bai, hemen ordaindua izateko arazorik ez dago. Federazioa gainean dago, eta norbaitek arauren bat hausten badu, larrutik ordaintzen du. Agindutakoa kobratuko duzula jakitea oso garrantzitsua da, eta hori Frantziako Ligan segurtatua da; ez berriz, Espainiakoan”, erran du Paxkalek. Aviron jadanik ari da taldea osatu nahian jokalariekin mintzatzen, eta maila ona emango duen taldea egin nahi luke, arazorik ez izateko.
 
Futbola berriro ere errugbitik oso hurbil jarri da Baionan

Baionan oso berezia izan zen maiatzeko azkeneko larunbata. Didier Deschamps estadioan dena zen poza eta algara, futbol taldeak igoera erdietsi baitzuen. Handik kilometro batera dagoen Jean Dauguer estadioan, berriz, tristura besterik ez zen, errugbi taldeak maila galdu baitzuen.

Orain dela bost urte bezalaxe, futbol taldea errugbikoari oso hurbil jarri zaio. Hala ere, Lapurdiko hiriburuko agintariek aspaldi hartu zuten errugbiaren aldeko joera. “Diru laguntzen aldetik sekulako aldea dago, ia dena eramaten baitu errugbiak, baita instalazioen kasuan ere. Abuztuko lehen asteburuan Baionako festak dira, eta guk entrenatzen jarraitu ahal izateko, kanpora joan behar dugu, hirian errugbi zelaiak ez diren beste kirol instalazio guziak itxita egongo baitira”, kexatu da horren inguruan Elisalde atezaina.