Argitxu DUFAU

"Biarritz Euskal Herri", marka bakarra lurralde osoarentzat

Max Brissonek departamenduko turismo politikaren estrategia berria aurkeztu du. "Biarritz Euskal Herri" markaren sorkuntzarekin, udako turismoan kontzentratzeaz gain, urte osoko eskaintza bultzatu nahi du.

 

Ekainean "Biarritz Euskal Herri" marka sortu zuten. ©Isabelle Miquelestorena
Ekainean "Biarritz Euskal Herri" marka sortu zuten. ©Isabelle Miquelestorena

Departamenduko Turismo Batzordeko lehendakari berria den Max Brissonek, estrategia berria aurkeztu du. Indarrak bi helmugetan jarriko dituela adierazi du: Ipar Euskal Herria eta Biarnoa. Horretarako ekainaren 9an marka bat sortu zuten: "Biarritz Euskal Herri". Heldu den uztailaren 8an, proiektua eztabaidatzeko turismoaren Euskal Herriko bulegoa bilduko da.

Max Brissonen arabera, Euskal Herriko turismorako sortu duten markak "profesionalak eta eragile instituzionalak" elkartu nahi ditu. Ideiaren bultzatzaileen arabera, markaren hautuak lurraldearentzat "xantza" bat irudikatuko du. Beren ustez, Biarritzek Euskal Herriari aukerak ekartzen dizkio, eta alderantziz.

Beste hogei bat lurralde handiagoetan antzeko markak erabili dituzte, horrek Ipar Euskal Herriarentzat "xantza handi" bat errepresentatzen du.

Diruaren banaketa

Orotara departamenduko proiektuak hiru milioi euroko aurrekontua izanen du. Mementoz, ez da jakina aurrekontu hori Euskal Herria eta Biarnon nola banatuko den. Diru kopuru hori komunikazio kanpainarentzat erabiltzeaz gain, beste hainbat baliabide martxan jartzeko erabiliko dute.

Proiektuak gaur egun markatuak diren sasoiei aurre egin nahi die. Hau da, Ipar Euskal Herriko turismoaren eskaintza udan zentratzeaz gain, beste hilabeteetara hedatu nahi du.

Lana errazteko, bisitariei inkestak proposatuko zaizkie eta hauei esker kanpotik etorritako jendeen beharrak ezagutuko dituzte. Bisitari kopuruaren goratzeak hemengo herritarrei aldaketa bat ondorioztatuko lukeen arren, proiektuak ez luke beren iritzia kontutan hartuko.