Kattin Chilibolost

Laborantza industrialaren kontrako aldarrikapena, epaitegian

Ekainaren 17an Confédération Paysanne sindikatuko bederatzi militante epaitegian jujatuko dituzte. 1.000 behien etxaldearen kontrako ekintza bat leporatzen diete. Azkenean, justiziak irailaren 16an deliberoa plazaratuko du.

 

Sindikatuak laborantzaren industrializazioa salatu du. ©Confédération Paysanne
Sindikatuak laborantzaren industrializazioa salatu du. ©Confédération Paysanne

Ekainaren 17an, Amiens-eko epaitegiak Confédération Paysanne sindikatuak ezarritako helegitearen deliberoa plazaratu behar zuen, baina azkenean irailaren 16ra gibelatzea erabaki du. Hain zuzen ere, 1.000 behien etxaldearen kontrako ekintza bat egiteagatik, bederatzi militante jujatuko dituzte. Sindikatuak epaitutakoen sostenguz elkarretaratze bat antolatuko du.

2013ko irailaren 13an eta 2014eko maiatzaren 28an, Confédération Paysanne sindikatuko militante batzuek Somme eskualdeko 1.000 behien hazkuntza segurtatzen duen baserria inguratu zuten. Parte hartzaileek jezte sala desmuntatu eta abisak kendu zituzten.

1.000 behien etxalde hunen jabea Michel Ramery da. Hain zuzen ere, Figaro aldizkariaren arabera, 550 milioi euroko irabaziak lituzke eta 3.715 langileren nagusia litzateke, ondoan dituen jarduerei lotuak.

Ekintzaren ondorioz, 2014eko urriaren 28an, taldean kalteak egiteagatik eta ADN froga ukatzeagatik, bederatzi sindikalista auzipetu zituzten. Gibelapenezko zigorrarekin, bost urteko espetxe zigorra agintzen ahal diete.

Industrializazioaren kontrako ekintza

Sindikatuko bozeramailea den Laurent Pinatelek, ekainaren 17ko deliberoa laborantzaren industrializazioa eta Tafta akordioaren epaiketa izanen dela adierazi du. Bere hitzen arabera, sindikalistek "denen etorkizunaren alde, laborarien desagerpenaren kontra, ingurumenaren alde eta janarien hondatzearen kontra jardun zuten". Bere iritziz, epaiketak laborariak eta herritarrak laborantza industrialaren kontra direla gogoratuko du.

Ekainaren 17an, ELB sindikatuak Confédération Paysannek antolatutako elkarretaratzearekin bat eginen dute. Modu berdinean, Bizi mugimenduak ekintzetara parte hartzeko deia luzatu du.