Autonomia anizteko, Ainitza

Itsasun, "eko herrixka" baten sortzeko asmoarekin elkartu dira familia zonbait, Ainitza izeneko proiektu eta elkartearen inguruan.

Kattin Chilibolost|2015/06/04 08:10|0 iruzkin
Permakultura_k
Permakultura baratzearen irizpideak espezien auzokidetasuna, espazioaren erabileraren berrasmatzea, eta naturaren autoerregulazioa bermatuko duen bioaniztasuna bultzatzea dira, besteak beste. © Robert Wade

Etxeak haiek berek eraiki, lurra elkarrekin landu eta elkarlanaz autonomia garatu, hori da hain zuzen Ainitza elkarteak duen xedea. Urtarrilaz geroztik hasi dira Itsasun Ainitzako sei familiak eko herrixkaren inguruko proiektu amankomunaren marrazten.

Ideia Ainitza osatzen duten sei familiek, komunean luketeen lur batean, lurrezko eta lastozko etxeak eraikitzea eta bertan bizitzea litzateke, proiektuaren eremaileetariko bat den Audrey Hoc-ek azaltzen duenez. Aldi berean, Euskal Herrian oso ezaguna ez den baratze mota batetik, permakulturatik, elikatu nahi lukete. Horrez gain, kide bakoitzak dituen gaitasun edo ezagutzak ingurukoekin partekatzeko gune bilakatu nahi lukete.

"Denak artistak gira", dio Audrey Hocek. "Gutarteko bat, adibidez, zirkoan ari da, zergatik ez emeki-emeki haurrendako zirko atelierrak eskaini?". Animazio eta bizi gunea irakaspen gune ere izatea pentsatzen dute. Ainitzako kideek jasotako formakuntzak, batez ere permakulturakoak, bertan berriro eskaintzeko asmoa lukete.

Hala eta guztiz ere, Audreyk ez du proiektuaz espantu handiz hitz egin nahi. Batez ere, oraino lurra aurkitzekoa dutelako, baita horren lantzeko ikastearen beharra ere.

Heldu diren hilabeteetan, Baionan, permakulturari buruzko ikastaldiak jarraituko dituzte. Permakultura, laborantzatik haratago doan zerbait litzateke. Audreyk dionaren arabera, hezkuntza, harreta, elikadura... gisako beharrak naturari egokituz gauzatzea proposatzen duen filosofia da. Horrela, baratzea zein etxeak egiteko orduan hauen ingurumen guzia kondutan hartuko dute, bakoitzaren kokapena eta egokitasuna zainduz.

Lurra lantzeko, ez saltzeko.

Ez dute lurra erosi nahi, baizik eta epe jakin baterako herriko etxe edo pribatu bati alokatu. Horrela, "jabea jabe geldituko da, eta Ainitzak lurraren erabiltzeko eskubideaz gozatuko du", dio Audreyk. 80 bat urtetarako hartuko lukete kontratua, eta haiek hiltzerakoan haurrek kontratua berritzeko edo uzteko erabakia hartu beharko lukete. Baten batek proiektua uztea erabakitzen balu, ordezkatuko lukeen beste pertsona bat atzeman eta etxea eraikuntzako prezioan utzi beharko luke. Lurraren atzemaiteko, herriko etxeei, Lurzaindia eta Hemen Herrikoa elkarteei proiektuaren aurkezten ari dira.

Ainitzak aniztu

Luzerako ikuspegian, helburua ez da Ainitzaren zabaltzea, baizik eta Ainitzak aniztea. "Ez dugu gure taldea handitu nahi, seinaka jadanik ez da beti errexa. Ideia  Ainitzak bere niñiak sortzea litzateke", dio Audreyk. Autonomiaren ideiari jarraituz, haien helburua ez da merkatu sareetan sartzea. Beren burujabetzarako ekoizpena lortu nahi dute."Eta soberakinak, baldin badira, prezio merkean saldu edo epizeria sozial bati beharretan diren pertsonei eman". Hitzek ere islatzen dute Ainitzaren kideen pentsaera.