Mikel IBARGOIEN

Emazteak eta kirola

Emakume kirolarien egoera gaur egungo gizartearen isla baino ez da, non gizonezkoak nagusi baitiren arlorik gehienetan. Emakume kirolarien jarduna gizonenaren itzalpean geratzen da, zenbait kasutan, baita ahanzturan ere. Alabaina, ez da abian jartzen egoera hori iraultzeko mekanismo eraginkorrik, nahiz eta emakumeek sobera meritu egin. Beraz, desoreka horri golik sartu ezinda darraite eta partida berdintzetik oso urrun daude.

Emakume kirolarien jarduna gizonenaren itzalpean geratzen da.
Emakume kirolarien jarduna gizonenaren itzalpean geratzen da.

Berdintasuna, ekitatea, aurrerapausoak eta antzeko esanahia duten hitzen aldarria egiten da nonahi eta noiznahi 2015 honetan. Kontzeptu horiek egikaritzeko garaia heltzen denean, ordea, kontuak oso bestelakoak dira, eta pausu hutsalak, besterik ez da begiztatzen. Alegia, esana eta izana ez doaz eskutik. Hori da, hain zuzen, emakume kirolariekin gertatzen dena. Gizon kirolariek hedabideetan duten presentziarekin alderatuta, hutsaren hurrengoa balira bezala tratatzen dituzte, eta hori agerian uzten du Lakuako Gobernuko Kirol Zuzendaritzak duela bi hilabete pasatxo argitaratu zuen ikerketak. Ikerketa horrek lau astez 10 egunkariren kirol albisteak aztertu zituen eta azaleraturiko emaitzak guztiz ziren argigarriak: kirol albisteetatik %8,56 baino ez dira emakumeen jardunari buruzkoak eta soilik emakumeei buruz aritzen diren berriak ez dira %5era iristen. Ondorengoa da Jon Redondoren (Lakuako Kirol Zuzendaria) ondorioa: «Hedabideek ez dute islatzen emakumeek egiten duten kirolaren kalitatea ezta kantitatea ere». Iraia Iturregik (Athleticeko kapitaina) bat egiten du balorazio horrekin: «Penagarria da egoera. Emakumeen kirolak sekulako gorakada izan du azken urteetan baina hedabideetan dugun presentzia ez da hazi neurri berean, eta hori ez da logikoa». Modu berean mintzatu da Ainhoa Azurmedi ere (Psikologoa eta Kirol aholkularia): «Kirola egungo gizartearen isla da eta bertan ikusten da gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak zer-nolakoak diren. Gaur egun batzuek eta besteek dituzten baliabideetan eta presentzian sekulako aldea dago eta horrekin apurtu egin behar da».

Zergatik?

Urtebete atzera ere azterketa berbera egin zuen Gasteizko Gobernuak (astebeteko laginarekin) eta, egiari zor, emakumeen presentzia %3 igo da epe horretan. Dena den, igoera ez da nahikoa inondik ere, eta egoera parekidetasunetik oso urrun dago gaur-gaurkoz. Zentzu horretan, ondorengoa da jende askok egiten duen galdera: zergatik? Alegia, nola da posible XXI. mendean batzuen eta besteen arteko desoreka hain handia izatea? Korapiloa askatzea ez da batere erraza, baina gizon eta emakume kirolariek duten mailaren arteko desberdintasuna eta errentagarritasuna erabiltzen dira argudio nagusitzat. Hau da, hedabideek, negozio iturri diren neurrian, jendearen eskaerei erantzun behar dietela diote hedabideetako ordezkariek eta, zentzu horretan, gizarteak askoz interes handiagoa duela gizonezkoek praktikatzen dituzten kirolen gainean.

Bide hori jarraitu dute Iñaki de Mujikaren (Onda Vascako kirol zuzendaria) azalpenek: «Kontuan hartu behar den lehen gauza da kirolaren eragina gizartean, eta haren eraginkortasuna publizitatean. Hau da, nik saio bat egitean ahalik eta jende gehienak entzutea lortu behar dut saioa errentagarria izan dadin. Gipuzkoako jendeak futbola eta Reala eskatzen du, eta, hori ematen ez badiot, entzuleak galtzen ditut. Nik errespetu handia diet emakumeei, baina beraien eragina oso txikia da. Nik kirol munduan gertatzen den guztia adi jarraitu behar dut, merezi duten tartea eta balorea eman behar diet emakumeei, baina hori ezinbestean daukagun testuinguruan sartu behar dut. Gustatu edo ez, hori da gure egoera eta errealitate hori ahalik eta orekatuen egiten saiatzen gara, baina ez da erraza. Etekinik lortu beharra izango ez banu, nire saioak beste ikuspuntu batetik landuko nituzke seguruenik, baina…». Halaber, berdintasun ezaren errua ez dela kirolarena dio de Mujikak, baizik eta gizarte osoarena: «Berdintasuna dagoen toki bakarra eskelak dira, hortik aurrera, inon ez».

«Neska politak ikustera?»

Oscar Badalloren (Marca) ustez, gakoa emakumeen gaineko informazioa kontsumitzeko ohitura faltan dago eta hori da aldatu behar dena. Bestalde, gizartea egungo egoerak eskatzen duenaren oso atzetik dagoela dio, eta eman du horren inguruko adibide esanguratsurik: «Ni askotan joaten naiz Donostiako emakumezkoen partidak ikustera eta ea neska politak dauden ikustera noan galdetu izan didate. Anoetara joaten diren 5.000 emakumeak futbola ikustera doazela, aldiz, ez du inork ezbaian jartzen. 2015 urtean horrelako komentarioak entzun behar izatea ikaragarria da, eta komentario horiek emakumeek egiten dizkidate askotan, gainera. Horrela zaila da aurrera egitea». Emakumeen kirolaren jarraitzaile izanik, termometro egokia izan daiteke Badallo haien mailaren gainean hausnartzeko, eta berak argi du emakumeek mailarik ez dutenaren argudioa zaharkituta geratu dela: «Gipuzkoan zehazki sekulako maila dugu. Lau talde ditugu kirol desberdinetan lehen mailan: futbolean, Reala; eskubaloian, Bera Bera; saskibaloian, Gipuzkoa EHU; eta, hockeyan, Reala. Eta banako kiroletan beste hainbeste. Nik argi daukat emakumeek ikusleak erakartzeko maila dutela. Horretaz jabetzeko, Bera Bera ikustera joatea besterik ez dago. Gizonen indarra izan ez arren, teknikoki maila altua dute eta gauza ikusgarriak egiten dituzte. Futbolean ere aurrerapauso handiak eman dira, baita beste kiroletan ere», kontatu du.

Bestalde, Redondok gogorarazi du Londresko Joko Olinpikoetan domina eskuratu zuten euskaldun guztiak emakumezkoak izan zirela eta horrek erakusten duela emakumeen maila zein den. Eli Pinedok (Bera Bera) ere irmo defendatzen du tesi hori eta kirola gustatzen zaien pertsonak eta kirolaz ulertzen dutenak horren jakitun direla dio: «Emakumeok badugu maila jendea erakartzeko eta ikuskizuna emateko. Gure partidak eman dituztenean hori agerian geratu da, jende askok ikusi dituelako. Hala eta guztiz ere, oso gutxitan ematen dituzte eta aukera bat eman behar zaigu egoera aldatzeko».

Hari horri tiraka, Jabi Oterminek (Bera Berako prentsa arduraduna) datu esanguratsua eskaini du: «Gure Kopako finala Teledeportek eman zuen eta 100.000 pertsonek ikusi zuten. Realak egun berean jokatu zuen Sevillaren aurka eta 160.000 ikusle izan zituen. Datuak ikusita eta beste kirola futbola dela eta partida erakargarri bat dela kontuan hartuta, aldea ez zait hain handia iruditzen, nahiz eta futbola ordainpeko kate batean izan. Horrez gain, kontuan hartu behar da gure partida ez zutela ia inon iragarri, eta futbola, berriz, bai. Beraz, emakumeek ere jendea erakar dezaketela argi dago».

Kalitatez informatzea

Zenbakiek eta azterketek erakusten dituzten datu hotz eta kuantitatiboez aparte, badago zer hausnartua aspektu kualitatiboei buruz. Izan ere, gizonen presentzia eguneroko jardunari lotuta dagoela eta emakumezkoena, ostera, emaitzei lotuta dagoela kontu jakina den arren, agertzen den informazio urrian ere badago desberdintasunik trataeran. Gizonen gaineko informazioak, oro har, kirol arlora mugatzen dira; emakumezkoen kasuan, bestelako alor batzuei ere erreferentzia egin ohi zaie. Esate baterako, emakume kirolarien gorputzaren erabilera merkantilista egiten da batzuetan. Zentzu horretan, ohikoak dira apaintasuna, femenitatea edo kutsu paternalistako adierazpenak. Horrelako kasuen berri ederki du Azurmendik eta kritika gogorra egiten du jokaera horiek onartezinak direla ozen esanez: «Objektu sexual moduan erabiltzen dira batzuetan emakume kirolariak eta horrekin apurtu egin behar da. Emakumeen edertasunak ez du albiste izan behar eta kalez jantzita ere ez dira agertu behar. Kirolariz jantzita agertzea garrantzitsua da erreferente moduan agertzeko gainerako emakumeentzat». Horrelako tratamenduak saiheste aldera, kazetari bakoitzak duen erantzukizuna nabarmendu du: «Genero ikuspegirik ez duen kazetari batek burura etortzen zaion lehen gauza idatziko du emakumeen gainean, ustez berdintasunez tratatzen ari den sentipenarekin. Sentsibilitatea duenak, ordea, desberdintasun egoera batean gaudela dakienez, ez du hanka sartu nahi eta eman beharreko enfokearen gainean hausnartu egiten du».

Beraz, aipaturiko jokaerak ekiditea eta emakumeen kirola hedabideetan kalitatez agertzea ezinbestekoa da, besteak beste, babesleak, ikusleak eta bestelako diru sarrera batzuk erakartzeko, eta, neurri berean, emakume kirolariak profesional bihurtzea lortzeko. Halaber, kalitatez informatzea funtsezkoa da erreferenteak sortzeko. Hori lortuta, errazagoa izango da neskek kirola normaltasunez ikustea, baita, haiengan kirolean jarduteko eta aurrera egiteko nahia eta gosea sortzea ere. Izan ere, ume guztiek izaten dute petsonaren bat ispilu moduan eta kirola gustuko duten neska gazteek emakume kirolari erreferenteak izatea garrantzitsua da, haiek ere beraien ametsak gauza ditzaketela ikus dezaten. Arreta berezia eskaintzen dio Redondok puntu horri: «Erreferenteak dauden heinean, emakumeen presentzia handigoa da bai hedabideetan, baita horiek ikustera joaten den ikusle kopurua ere. Eta neska gazteentzat hori ezinbestekoa da».

Iturregirentzat ere erreferenteena oinarri-oinarrizko kontu bat da, eta, ondorioz, tentuz landu behar dena: «Gazteak garenean beti izan nahi dugu Aduriz edo Gurpegi, eta beraiek iritsi diren lekura iritsi. Neska txikiek, berriz, oso zail dute emakumezko erreferenteak edukitzea, oso gutxi agertzen garelako, eta hori oso garrantzitsua da haiek ere ikusteko Athleticen joka dezaketela eta profesionalak izan daitezkeela».

Oraindik ere urrats asko emateke dauden arren, Pinedok nabaritzen du aldaketa bat, eta, pixkanaka, egoera gero eta hobea eta orekatuagoa izango dela sinestuta dago: «Londresko Joko Olinpikoak jokatu nituenetik partida askotan geratu behar izaten dut jendearekin argazkiak ateratzera, eta gutxinaka emakume erreferenteak sortzen ari dira eskubaloian behintzat. Beraz, aurrerantz goazela esango nuke eta hori oso garrantzitsua da. Nik gaztaroan ez nuen emakumezko erreferenterik».

Informazioa saltzeko zailtasunak

Kazetaritzaren ohiko funtzionamenduari jarraituz, gizon kirolarien informazioaren atzetik joaten dira kazetariak, baina emakumezkoen kasuan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da, zita garrantzitsu batzuk (finalak…) aparte utzita: «Beste batzuek kazetariak atzetik ibiltzen dituzte eta albistea ez dagoen tokitik ere albistea sortzen dute. Hori, ordea, ez da gure kasua. Gu gara edukiak sortzen ditugunak. Saiatzen gara kandela pizturik mantentzen, baina ez da erraza», azaldu du Oterminek. Errealitate horren jakitun, hedabideetan tartea lortzeko argi dauka bestelako erraztasun batzuk eman behar dituztela, eta bide horretan gauza asko hartu behar dituzte kontuan puzzlea osatu eta helburua lortzeko: «Adibidez, prentsaurreko bat antolatzeko besteek aintzat hartzen ez dituzten gauza batzuk kontuan hartu behar ditugu eguna eta orduak zehazteko garaian; izan ere, gizonezkoen futbola eta saskibaloiarekin batera jarriz gero, lekua egitea oso zaila da».

Hedabide publikoen erantzukizuna

Hedabide guztiek izan beharko lukete ardura eta sentsibilizaio handiagoa gai honen inguruan, baina zalantzarik ez da hedabide publikoen erantzukizuna are nabarmenagoa dela, haiek emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eskaintzeko beteharra dute eta. Eusko Jaurlaritzak gauzatutako ikerketak egunkariak soilik aztertu zituen arren, Jon Redondo seguru dago ikerketa ikus-entzunezko hedabideetan egin izan balute, emaitza berbera izango zela, baita EITB kontuan hartuta ere. Gauzak horrela, EITBri gehiago eskatu behar zaiola aitortzen du: «Zerbitzu publiko bat izanik, erantzukizun handiagoa du. EITBk gehiago bultzatu beharko luke emakumeen kirola ikusle kopuruei horrenbesteko jaramonik egin gabe».

Oraindik ere zorrotzagoa izan da Azurmendiren kritika: «Lotsagarria da. Hedabide publikoetan ezin da horrelakorik onartu. Hedabide publikoek konpromiso morala eta soziala dute, baita legala ere. EAEko legediak gizonen eta emakumeen presentziak orekatua izan behar duela dio, eta, hori hala izan dadin, erabakitze guneetan pausuak eman behar dira hori bermatzeko. Arazoa da berdintasun legea betetzen ez bada, ez dela ezer pasatzen, eta hori ezin da horrela izan».

Mikel Olazabalek (ETBko kiroletako zuzendaria) eta Txetxu Urbietak (Euskadi Irratiko kiroletako zuzendaria) argi dute, hedabide publikoen gidari diren heinean, hedabide pribatuek ez bezalako betebeharrak dituztela eta horiei erantzuten saiatzen direla diote. «Nik uste dut EITBk lan ona egiten duela eta sentsibilizazio handia dugula emakume kirolariekiko. Egia da gehiago egin daitekeela, baina bide egokia daramagula esango nuke», zehaztu du Urbietak.

Ez da hori, ordea, Iturregik eta Pinedok duten sentsazioa: «Bertako hedabide publikoek ez digute behar adinako tarterik eskaintzen. Azken denboraldietan beti egon gara liga eta kopa irabazteko borrokan eta ETBk oso partida gutxi eman ditu, urtean behin edo, eta hor erakundeek esku hartu beharko lukete. Informatiboetan ere berdin. Txapelketak irabazi dituzten emakume piloa dugu, eta agertzen badira, 10 segundo eta kito. Hala ere, egia da Euskadi Irratitik astero deitzen digutela, baina ez du hedadura bera eta telebistan agertzea ezinbestekoa da», azaldu du Iturregik.

Pinedoren iritzia ere antzekoa da: «ETBn apenas egiten diguten erreferentziarik albistegietan, eta gure partida oso gutxi ematen dituzte. Esaterako, iragan urtean, Txapeldunen Liga jokatu genuen eta gure klubak ordaindu egin behar izan zuen, partida ETBn emateko. Diru gutxi daukagu eta gainera telebistan emateko ordaindu egin behar dugu, ez du zentzurik».

«Gizarteak eskatzen duena»

Olazabalek onartzen du orekarik ez dagoela, nahiz eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa dela nabarmendu: «Guk gizarteak eskatzen duenari erantzun bat eman nahi diogu eta gizartea emakumeek eta gizonek osatzen dugu. Beraz, gizarteak ziaboga bat eskatzen badigu, emango dugu. Hala ere, zuk saio bat egiten baduzu eta inork ikusten ez badu, kendu edo aldatu egin beharko duzu, eta gauza horiek ere kontuan eduki behar dira». Emakumeek ETBn duten presentziaren inguruan ere datu batzuk eman ditu: «Guk, telebista pribatuekin alderatuta, arreta handiagoa eskaintzen diegu emakumeei: urtean 800 bat albiste informatiboetan, 45 emanaldi zuzenean edo diferituan eta, Zu kirolari saioan, 75 erreportaje inguru. Beraz, estaldura eskaintzen da, baina, gizonei buruzkoekin alderatuta egia da txikia dela». Halaber, gaineratzen du alor publikoak emakume kirolariei hasierako laguntza eta bultzada zor diela, baina, era berean, beste irizpide batzuk ere kontuan hartu behar dituztela, eta ikuslea erakartzeko beharra ere mahai gainean jarri du. Irizpide hori argi azaleratzen da, esate baterako, futbolean. Izan ere, astero 2.B mailako partidak eskaintzen dituzte, emakumezkoen lehen mailan bi talde (Athletic eta Reala) izanda.

Euskadi Irratira bueltatuta, Urbietak ez du uste, futbola aparte utzita, desoreka oso nabarmena denik. Hala ere, bat egiten du Olazabalen hausnarketa batzuekin: «Banakako kiroletan lorpenak eskuratzen dituzten kirolariei tarte bera eskaintzen diegu, gizon edo emakume izan. Nor ageri da gehiago atletismoan Naroa Agirre edo Mikel Odriozola? Eta, piraguismoan, Maialen Chourraut edo Ander Elosegi? Hori zailagoa da taldekako kiroletan. Realaren gizonezko eta emakumezko taldeei jarraipen berdina egin behar zaie Anoeta betetzen denean eta Zubietara 200 pertsona joaten direnean? Bai, emakumeei lagundu egin behar zaie, baina gauza horiek ere kontuan hartuta. Komunikabide publikook emakumeei tartea eskaini behar diegu eta babestu egin behar ditugu, baina kontuan hartu behar dugu entzule batzuentzat ari garela lanean eta irizpide hori edukitzea logikoa dela uste dut. Guk saioa areto futboleko neskei buruz hitz eginez bat irekitzen badugu, hurrengo egunean zenbat pertsonek entzungo gaituzte? Ba, seguruenik, askoz gutxiagok, eta, gustatu edo ez, hori da daukaguna».

Benetako apostu baten beharra

Hauxe da egungo errealitatearen argazkia; alderantzikatzea gizarte osoaren eskutik etorri behar da. Hori gauzatu dadin, ezinbesteko baldintzak dira nahia, gogoa eta sentsibilizazioa: «Aldaketa ez da bere horretan gertatuko, aldaketa eragin egin behar da, aldaketa proposamen global bateb bidez. Horretarako, berdintasunari buruz egin behar dugu gogoeta, horretara iristeko egin beharrekoak zehaztuta», dio Azurmendik.

Bide horretan, hausnarketa gizarte osoarena izan behar da. Izan ere, oraindik asko dago egiteke. Honako adibide hau aipatzen du Redondok: «Astebukaera batean gertatu zen ostiral batean Realaren liga partida izatea, eta larunbatean Bera Berak Europako txapelketa. Anoetara 25.000 pertsona joan ziren behar zena ordainduz, eta Bera Berako partidara (5 euro kostata) 300 pertsona. Beraz, hedabideen jarreraz gain, gauza asko aldatu behar dira eta, horretarako, gutariko bakoitzak eman behar du urrats bat».

Badallok, berriz, beste hau jarri du mahai gainean: «Nik beti salatzen dut emakumeen kirola jarraitzen ez duten lehenengoak emakumeak eurak direla eta eurei dagokie lehen bultzada ematea. Realaren bazkideetatik 5.000 inguru emakumezkoak dira, baina ez dira Zubietara joaten emakumeen partidak ikustera. Kirola praktikatzen duen emakume mordoa dago, baina haiek ere ez dituzte beste emakumezkoak ikusten eta hori da arazoaren muinetako bat».

Hedabideen bultzada eta hauspoa ere oso garrantzitsua da, baina, oraingoz, “Infozazpi” irratiak baino ez du izan benetako apustu bat egiteko ausardia. Bertan, astelehenero ematen dute Kirol Leihoa, oso-osorik Euskal Herriko emakume kirolariei eskainia: «Berdintasunik ez dagoenez, beharrezkoa da Kirol Leihoa bezalako saio bat eta erabat justifikatuta dago. Diskriminazio positiboko ekintza bat da, hain zuzen, berdintasuna lortzea helburu duena. Hobea litzateke horrelakorik behar ez izatea, baina tamalez hori ez da egoera», azaldu du Azurmendik. Iritzi berekoak dira Iturregi, Pinedo eta Redondo.

Gauzak horrela, norabide horretan lan egitea ezinbestekoa da distantzia murrizten joateko, eta hedabide indartsu batek benetako apustu sendo bat egitea mugarri izan liteke: «Aintzane Encinas (Reala) ‘Marca’n astero zutabe bat idazten hasi zenean ‘Onda Cero’ eta ‘Radio San Sebastian’ ere astero Realeko jokalari bat elkarrizketatzen hasi ziren, eta Encinasek idazteari utzi zionean, besteek ere tarte hori kendu zuten», kontatu du Badallok.

Beraz, litekeena da, apustua egin eta jarraipena emanez gero fruituak ematea, eta gainontzekoek, neurri batean, behintzat, horri jarraitzea. Hori bai, apustua benetakoa eta konbentzimenduz egindakoa izan behar da, estrategia eta helburua ondo zehaztuta. Baina, egin, egin behar da.