Iurre BIDEGAIN

Gobernu frantseseko engaiamendua aldarrikatuko duen Konferentzia humanitarioa

Bake Bideak eta Giza Eskubideen Ligak (LDH) Parisen ekainaren 11an antolatuko duten "Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioaren" sostenguak aurkeztu dituzte. Hitzorduak lau ardatz nagusi izanen ditu. Horien artean, Aieteko adierazpenaz geroztik egindako pausuak edo biktima eta presoen problematika.

Konferentzia Humanitarioa ekainaren 11an iraganen da Parisen. ©Isabelle Miquelestorena
Konferentzia Humanitarioa ekainaren 11an iraganen da Parisen. ©Isabelle Miquelestorena

Maiatzaren 21ean, Bake Bideak eta Giza Eskubideen Ligak Parisen ekainaren 11an antolatutako "Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioa" aurkeztu dute. "Aniztasuna eta bateratasuna irizpidetzat hartuta", parlamentari, diputatu eta senatari ezberdinen sostengua biltzeaz gain, nazioarteko eta tokiko elkartasuna lortu dute. Ekimena, Asanblada Nazionaleko Victor Hugo salan iraganen da.

Iragan den apirilaren 17an, Bake Bideak LGHekin "gizarte zibila eta politikoa sentsibilizatuko" duen hitzorduaren aldeko sostenguak atzeman behar zituztela adierazi zuten. Bi entitateek tendentzia guztietako parlamentarien elkartasuna lortzeaz gain, Euskal Herritik kanpo datorren atxikimendua jaso dutela adierazi dute. Hain zuzen ere, lau erakunde garrantzitsuren elkartasuna lortu dute: Bakearen aldeko Foro Sozialarena, Berghof Fundazioarena, Counciliation Resourcesena eta Harremanetarako Nazioarteko Taldearena.

Estatu frantseseko Barne eta Justizia ministroa izan den Pierre Joxe, Raymond Kendall, Gerard Kelly, Brandon Hamber edo Pierre Hazanek ere parte hartuko dute. Horietaz gain, Sylviane Allaux diputatua, Colette Capdevielle diputatua, Frédérique Espagnac senataria edo Departamenduko Kontseiluko presidentea den Jean-Jacques Lasserre.

Euskal Herriko elkarrizketa taldeko kidea den Jean-René Etchegarayk ekimenean parte hartzeko deia luzatu du. Aieteko Konferentziatik gaur egun arte agertutako "aitzinamendu ezaren" aitzinean, "Baionako adierazpena" aurkeztea erabaki zutela adierazi du. "Gure hausnarketak, gure zalantzak eta gure harriduren berri eman nahi genuen. Baina nagusiki gure helburua bake prozesuan Estatu frantsesaren parte hartzea beharrezkoa dela aldarrikatzea zen", gehitu du Baionako auzapezak. 


Etchegarayk geroztik Estatuaren erantzunik ez dutela jaso azpimarratu du. "Horregatik Parisera joanen gira. Engaiatuko den Estatu baten esperoan gira. Aieteko konferentziaren helburua berpiztu nahi dugu, baina batez ere segida eman nahi diogu", adierazi du elkarrizketa taldeko kideak.  Halaber, Collette Capdevielle diputatuak iniziatibak "bake prozesuan aitzina pausuak emaiten ahal dituzten pertsonak sentsibilizatuko" dituela espero du.

Lau ardatz nagusi

Bake Bideko kidea den Anaiz Funosasek Konferentzia Humanitarioak lau puntu jorratuko dituela esplikatu du. Alde batetik, Aieteko konferentzia iragan denetik gertatutakoa aztertuko dute eta horretarako, egondako pertsonek parte hartuko dute.

Bestalde, biktima eta presoen problematikaz eztabaidatuko dute. "Ezin ditugu mingarriak diren gaiak baztertu", zehaztu du Funosasek. Atal horretan, lekukotasunak islatzeaz gain, Gabi Mouesca edo Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea den Brian Currinek parte hartuko dute.

Azkenean, sintesia lanak eginen dituzte eta Versailleseko Dei Auzitegiko presidentea den Serge Portellik amankomunean sortutako "Euskal Herriko Bakerako agiria" irakurriko du. "Agiri hori, bihar eraiki nahi dugun bake prozesuko korrontearen oinarria izatea nahi dugu", azpimarratu du Funosasek. 

Programa guztia hemen ikusgai.