Iurre BIDEGAIN

Serge Blanco: "Egondako hausnarketaz gain, ez dugu inoiz fusioa aipatu"

Biarritz Olympique taldeko lehendakaria den Serge Blancok euskal errugbiaren etorkizunaren inguruan hausnarketak egon direla argitu du, baina "fusioa ez da inoiz aipatua izan". Euskal errubia arriskuan dagoela adierazi du, baina "bi taldeek biziraunen dute".

Serge Blanco, Biarritz Olympique taldeko lehendakaria. ©Isabelle Miquelestorena
Serge Blanco, Biarritz Olympique taldeko lehendakaria. ©Isabelle Miquelestorena

Maiatzaren 21ean, Biarritz Olympique errugbi taldeko egoitzan komunikabide anitz bildu dira. Iragan den maiatzaren 18an Aviron Bayonnais taldeko presidentea den Manu Merinek heldu den denboraldian euskal errugbiaren bi ordezkari izanen direla argitu ondoren, Biarritz Olympique klubeko Serge Blancok ere bere iritzia plazaratu du.

Prentsaurreko hasieran Merinek sufritutako mehatxuen aitzinean, Blancok bere sostengua adierazi dio. Bildutako komunikabideen aitzinean, Biarritz Olympique taldeko lehendakariak bi kluben artean errubiaren etorkizunaren inguruan hausnartu dutela argi utzi du. 

"Gaur egungo testuinguruan iritziak trukatu ditugu, baina ez dugu inoiz fusioa aipatu", argitu du prentsaurreko hasieran. Hain zuzen ere, hausnarketa sinple bat egin dute, bere hitzen arabera euskal errugbia "arriskuan delako".

Halaber, nahiz eta Biarritzeko eta Baionako taldeen egoera zalantzan dagoen, "bizirauten" ahalko dutela azpimarratu du. "Azken urteetan askok zalantzak hedatzen dituzte Biarritzeko taldearen etorkizunari buruz; batez ere Bidasoako beste aldetik datoz", gehitu du.

Manu Merinek egin zuen bezala, presidenteak komunikabideetan argitaratutako "informazio faltsuak" gaineratu ditu. Halaber, Blancok Aviron Bayonnais-eko presidenteak azpimarratu zuen bezala, bateratze bat "akziodunak, sostengatzaileak edo herritarren" iritzia jakin gabe ezingo zela erabaki esplikatu du.