Pablo Malo
Zinema zuzendaria

Bahitu, torturatu eta tiro batez hil zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabalari buruzko filma ipar Euskal Herriko zinema geletan ikus daiteke egun hauetan. Pablo Malo zuzendariak obraren ibilbidea aipatzen du.

"'Lasa eta Zabala' beharrezkoa da Euskal Herriaren historia ulertzeko eta horri aurre egiteko"
Iurre BIDEGAIN|2015/05/14 09:20|0 iruzkin
Img_0833
Pablo Malo, "Lasa eta Zabala" filmaren zuzendaria. ©Kazeta.eus

"Oso nekatua naiz alderdi ezberdinetaz hitz egiteaz. Ez dugu pelikula arma bat bezala erabilia izateko egin"

"Pertsona askorekin hitz egin dugu eta denbora horretan gorrotoa edo sufrimendua aipatzeak asko nekatzen zaitu"

“Lasa eta Zabala” filma maiatzaren 6an Ipar Euskal Herriko zinema geletara ailegatu da. Biarritzen edo Donibane Garazin proiektatua izan ondoren, Donapaleu, Hazparne eta Maulera iritsiko da. Baionan hasten den istorio hunek bi gazteen desagerpenean oinarrituz, GAL eta Gerra Zikinaren gertakizunak islatu ditu. Proiektuaren zuzendaria den Pablo Malok, kontatzea “beharrezkoa” dela dio, “Euskal Herriko historiaren parte delako”.

“Lasa eta Zabala” plazaratu denetik, nolakoa izan da publikoaren harrera?

Egia esan, oso ona. Istorioa delikatua eta erreala izanki, jendeak pelikula desitxuratzea beldurra genuen. Hasieratik argi genuen ez genuela gaizto eta onen arteko istorio bat egin nahi. Nere ustez, askok garaian gertatutakoa justifikatzen zuten eta pelikula ikusi ondoren basakeria bat izan zela ohartu dira. Konturatu dira ez zela inoiz gertatu behar izan.

Nola sortu zen proiektu hunen ideia?

Egia esan, mandatu bat da; ez nuen inoiz pentsatuko Lasa eta Zabalari buruz pelikula bat egitea. Ez da hunkitu nahi nuen gai bat, batez ere, Euskal Herrian ETAren borroka armatuaren bortizkeria duela gutxi bizirik zegoelako. Proposatu nindutelarik eta gaia aztertzen hasi nintzelarik, istorio indartsu baten aitzinean ginela ohartu nintzen. Benetako istorioaz hitz egiten dugunean, askotan elementuak gehitu behar dira eta kasu honetan gauzak kendu behar izan ditugu. Neretzat, zinea egiteko parada ona izan da.

Gertakari hauek bezalako gai delikatuak, nola tratatzen dira? 

Argi genuen sumario [dosier] batean oinarritu behar ginela. Pelikulan egiten dugun bezala, izenak ematen baldin bagenituen, justiziak aitzinetik epaitutakoak izan behar ziren; bestela produktoreak arazo juridikoak izaten ahalko zituzkeen. Beti erraten dut gibelean pelikula interesgarri bat gelditu dela: ikerketa prozesu guztiarena.

José Antonio Lasa eta José Ignacio Zabalaren familiari iritzia eskatu diozue?

Kasu huntan bai. Behintzat, familia informatu nahi genuen. Bien arrebekin hitz egin genuen, Pili eta Asunekin. Hasieratik pozik agertu ziren beren anaiei buruz pelikula bat egiteagatik, baina ez zuten ezer jakin nahi. Guk eskertu genuen. Familia gainean izan baldin bagenu, horrek muga handiak jarriko zizkigukeen. Haiekin politikaz ez dugu inoiz eztabaidatu, baina bai seme bat galtzearen sufrimenduaz. Ez dira inoiz agertu mendeku edo gorroto hitzak. Donostiako zinemaldia baino hiru aste lehenago erakutsi genien emaitza eta ehorzketa bat bezala izan zen. Denak negarrez atera ziren. Gertatutakoarekin oso hunkituak diren pertsonak dira.

Alde politikoaren eta giza istorioaren arteko oreka atzematea zaila izan da?

Bai, batez ere, 50 urteko bortizkeriaren istorioa oso hurbil dugulako. Bagenekien gai bat modu batez tratatzen bagenu gure kontra azalduko liratezkeela eta aztertzen ez baldin bagenu beste aldekoak gure bila etorriko liratezkeela. Oso nekatua naiz alderdi ezberdinetaz hitz egitea. Ez dugu pelikula arma bat bezala erabilia izateko egin. Ez ditut nire biziaren bi urte erabili jendea bere artean berriz borrokatzeko. Nahiz eta batzuek helburu horretarako erabili nahi izan duten, pelikula bera bakarrik defendatu dela uste dut. Ez du gertakari politikoa bakarrik islatu, baina bai giza eskubideen defentsa. Ezin dituzu bi gazte hartu, Donostiara eraman, torturatu eta Alikanten bi tiro bota. Aldi berean, Miguel Angel Blancorekin edo Ortega Lararekin gertatu dena ezin da berriz errepikatu.

Elkarrizketa batzuetan salatu duzu alderdi politiko batzuek filma tresna gisa erabili dutela...

Urte honetan jende askorekin hitz egin dugu. Ez genuen inork gertakari horiek manipulatzea nahi. Euskal Herriko historiaren parte diren gertakariak dira. Gazteek ikusi behar dituzte eta pentsatu behar dute ez direla aspaldiko gertakizunak.

Zer iruditzen zaizu Ipar Euskal Herrian, “Lasa eta Zabala” hilabete batzuen berantarekin eskaini ahal izatea?

Eta eskerrak. Pelikula batzuk urte beteko berantarekin agertzen dira edo sinpleki ez dira inoiz argitaratzen. Banaketa kontuak ez ditut asko kontrolatzen, baina Alemanian beranduago heltzen diren bezala, pentsatzen dut hemen berdin gertatu dela. Gainera, zine espainiarrak mugak zeharkatzea, oso zaila da.

Beste herrialdeaz hitz egiten ari gara, kasu huntan Euskal Herrian agertu da beranta hori. Jakinez, gainera, istorioa Baionan hasten dela...

Baionan estreinatu genuen duela bi hilabete. Gogorrak diren eszenengatik jende askok ez du hurbildu nahi izan. Nik beti esaten dut, benetan gertatu zena kontatu baldin bagenu, jendea salatik aterako litzateke. Ez da gure intentzioa izan. Kamara toki batean edo bestean jartzen dudan momentutik, nire iritzia plazaratzen ari naiz. Kasu huntan, bi gazte hauen alde jokatuko nuela argi nuen. Haiek banku batean lapurtu zuten eta hori baieztatu balitz, kondena bat bete beharko zuketeen; baina ez da gertatu zena. Horrelako basakeriek beren alde jartzea bultzatu ninduten. Horren alde jotzen baduzu, txarrena batzuentzat politikoki ere iritzi bat plazaratzen ari zarela da. Horrek izorratu nau. Ez da pelikula politiko bat izan.


Gertakari edo detaile batzuk hautatzeko eta beste batzuk baztertzeko zein kriterio erabiltzen da?

Adierazgarriena eta kontatu nahi genuena islatzen lagundu gaituen guztia aukeratu dugu beti. Ikuslea bera hari berdinetik mantentzeko, ez genuen gauza gehiegi kontatu nahi.

Filmatzeko prozesua nola bizi duzue?

Oso bortitza izan da; zaila. Ez dut berriz horrelako sekuentziarik grabatu nahi. Psikologikoki oso hunkitua bukatu nuen. Urte batez tortura sufritu duten pertsonekin hitz egiten duzu edo ETArengandik hilak izan diren pertsonen bizipenak entzuten dituzu. Pertsona askorekin hitz egin dugu eta denbora horretan gorrotoa edo sufrimendua aipatzeak, asko nekatzen zaitu. Giroa oso delikatua zen, gainera, benetan gertatu zen zerbait islatzen ari ginela bagenekielako.

“Lasa eta Zabala” filma nola definituko zenuke?

Nere ustez, gogorra den pelikula bat da, baina beharrezkoa dena ere. Euskal Herriaren historiaren kapitulu bat da eta horri aurre egin behar dugu. Beti gauza berdina entzuten dut: “orria pasatu behar da”, baina lehenik orriak irakurri behar dira.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK