G. M. ZUBIARRAIN

Hendaiatik Tolosara eta Parisera trenak ken ditzake SNCFk

Enpresak ofizialki halakorik jakinarazi ez badu ere, Hendaia-Tolosa arteko Corail zerbitzua kentzeko asmoa duela salatu du CGTk. Gaueko tren zerbitzua ere eten eginen lukete, era berean, Hendaia-Paris artean. "Hanka sartze" bategatik sindikatuaren eskuetara iritsitako agiri batek jasotzen ditu asmo horiek.

Baionako tren geltokian egindako mobilizazioan 40 bat langileek parte hartu zuten. © Isabelle MIQUELESTORENA
Baionako tren geltokian egindako mobilizazioan 40 bat langileek parte hartu zuten. © Isabelle MIQUELESTORENA

Lurralde orekarako trenen (TET) azkena ote? Hala balitz, Akitania eta Midi-Pyrenees eskualdeen artean ez da aurrerantzean Corail tren zerbitzurik izango, eta horrek Hendaia eta Okzitaniako hiri nagusia, Tolosa, lotzen dituzten tren horiek ibiltzeari utziko diotela esan nahiko luke. Linea horiek Estatuaren laguntza jaso izan dute orain arte.

Zerbitzu murrizketak Hendaia-Paris lineari eragin diezaioke baita ere. Zehazki, estatu frantseseko hiriburua eta Lapurdiko kostaldea gauez lotzen dituen "Palomble Bleu" edo Lunea ezaguna eteteko asmoa izan dezake enpresak.

SCNFk hartu asmo dituen neurri horiek gaitzetsi egin ditu CGTren trenbide sailak, eta albistea zabaltzeari ekin dio. "Inpresora batean" aurkitutako agiri bati esker jakin dute guztia, Peio Dufau sindikalistak adierazi duenez. SNCFk ez du albistea ez baieztatu ez gezurtatu. «Lan dokumentu bat» dela onartu die sindikalistei, Dufauk esandakoaren arabera. GARAk zuzenean luzatutako informazio eskaerari ez dio, bestalde, SCNFk erantzun.

"Macron legea"

Kontu publikoak orekatzeko Gobernuak hartutako beste makina bat neurriren gisan, gastuak murrizteko helburua legoke batetik erabakiaren oinarrian. Haratago, ordea, trenaren kaltetan autobus zerbitzua sustatzeko apustua, «Macron legeak» berariaz jasotakoa, ikusten dio Dufauk horri guztiari.

Emmanuel Macron Ekonomia ministroaren izena daraman legea otsailean onartu zen behin-behinean Asanblea Nazionalean. Une honetan izapidetan da hortaz, baina hainbat atal indarrean sartu dira. "Hazkundea, jarduera eta aukera berdintasuna sustatzea" ditu xede legeak Gobernuaren hitzetan, eta hori, ohiko teoria neoliberalei jarraiki, sektoreak liberalizatuz erdietsi nahi du.

Horregatik, eskualdeen artean orain arte trenak izan duen esklusibotasunari amaiera eman, eta trenbide ardatzei jarraiki autobus zerbitzuak eskaintzea ahalbidetu du erreformak. Donostia eta Tolosa lotzen dituen linea, hain zuzen, abian jarri berri dute apiril amaieran. Autobus zerbitzu horiek sustatzen SNCF bera ari dela salatu du Dufauk. "Barne lehia" bilatzea leporatu dio enpresari.

Hori guztia salatzeko lehen protesta egin zuen CGTk joan den ostegunean Baionan. Mila bat eskuorri zabaldu zituzten erabiltzaileen artean.