Kazeta

Ikastolak eta Udalbiltzak bat egin dute "Elkarrekilan Euskal Herria" proiektuan

Udalbiltzak eta Ikastolen Elkarteak "Elkarrekilan Euskal Herria" proiektuaren hitzarmena izenpetu dute. Horrekin, administrazio ezberdinen pean diren ikastolen arteko lankidetza sustatuko da. Alozeko "Basaburua", Sohütako "Eperra" eta Oiartzungo "Haurtzaro" ikastolen arteko elkarlan hitzarmena lehena izan da.

Oiartzunen ospatutako ekitaldiaren irudia. Argazkia Udalbiltza.
Oiartzunen ospatutako ekitaldiaren irudia. Argazkia Udalbiltza.

"Elkarrekilan Euskal Herria" proiektuaren helburu nagusia honakoa da: Euskal Herriko administrazio ezberdinen pean diren ikastolen arteko lankidetza sustatzea. Maiatzaren 6an, Udalbiltzako lehendakaria den Mertxe Aizpuruak, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakariak eta Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk hitzarmen bat izenpetu dute.

“Euskal Herriaren etorkizunean berebiziko garrantzia du lurralde osoan hezkuntza kalitatezkoa eta euskalduna bermatzeak eta ikastolen arteko harremana indartzeak. Horregatik gure poztasuna agertu nahi dut Udalbiltza eta Ikastolen elkartearen arteko elkarlana posible egingo duen lankidetza hitzarmenagatik", adierazi du Aizpuruak.

"Elkarrekilan Euskal Herria" proiektuarekin hainbat engaiamendu hartzen dituzte. Lankidetza sustatzeaz gain, "lurralde ezberdinetan kokaturik dauden ikastolen arteko kohesioa, barne ezagutza eta elkartasuna" bultzatuko da. Horretarako, eragileek "giza harremanak indartzeko", trukaketak antolatuko dituztela adierazi dute.

Bestalde, ikastola guztientzat balio duen "iraupen mugagabeko" hitzarmenean, beste ikastolek parte hartzen ahal dutela nabarmendu dute. Halaber, egitasmo eta herriko etxeei horren berri emanen zaie.

Lehen esperientzia

Oiartzunen ospatutako ekimenean, Alozeko "Basaburua", Sohutako "Eperra" eta Oiartzungo "Haurtzaro" ikastolen arteko elkarlan hitzarmena lehena izan dela nabarmendu dute.

Ikastola hauek hainbat ekintza antolatuko dituzte "Xiberoa eta Oarsoaldeko eremu euskalduna osatzen duten pertsonen arteko harremana indartzeko". Alde batetik, hiru ikastolen irakasleen artean trukaketak antolatzeaz gain, gurasoen artekoak ere pentsatuko dira. Bestalde, bi lurraldeetako geografia, historia edo kultura ezagutaraziko da.