AHTren aldekoak Bordelen bilduak

Ikerketa publikoak AHTren kontrako iritzia plazaratu eta gero, maiatzaren 7an, Akitania eskualdeko lehendakaria den Alain Roussetek aktore ekonomiko eta politikoei proiektuaren alde mobilizatzeko deia luzatu die.

Argitxu DUFAU|2015/05/07 12:20|0 iruzkin
Cezgv2awmaam6vn
250 pertsonek izena eman dute gaurko hitzorduan.

Maiatzaren 7an, Akitania eskualdeko lehendakaria eta AHTren defendatzailea den Alain Roussetek AHTren alde mobilizatzeko deia luzatu du. Proiektuaren alde diren agintari ekonomiko eta politikoak Bordelen elkartu ditu. Horien artean, Ipar Euskal Herriko Komertzio eta Industria Ganberako lehendakaria, André Garreta.

Ikerketa publikoak abiadura handiko linea interes publikoko proiektua den ala ez aztertu zuen eta hunek kontrako iritzia plazaratu zuen. Eskualdeko ordezkariarentzat horrek gizartean "asaldura" handia piztu du.

Proiektua erakargarria dela baieztatzeko eta sustenguak biltzeko antolatu du mobilizazioa. 250 pertsona baino gehiagok izena eman dute. Horien artean, Biarritzeko auzapeza de Michel Veunac-ek edo Ipar Euskal Herriko Komertzio eta Industria Ganberako lehendakaria den André Garretak.

Eztabaidak

"AHTak merkantzia garraioaren garapenari erantzun bat ekartzen dio, mugikortasuna errezten du eta herritarren bizi kalitatea hobetzea lagunduko du", adierazi du Garretak. Bere iritziz, kritikak eta mesfidantzak "beti agertzen dira aitzinamenduaren kontzeptua agertzen delarik". "Kostua eta errentagarritasunaz ari gira. Lizeo bat edo biribilgune bat errentagarriak ote dira?", galdetu du lehendakariak.

Bordelen iragan den hitzorduan, mahai-inguruak prestatuak ziren. Bertan, parte hartzaileek AHTren eragin ekonomikoaz eta AHTek lurraldearekiko izanen duen egokitzapenaz mintzatu behar ziren.