Zein etorkizun Emazteen kontrako bortizkeriaren Behatokiarentzat?

Estatu frantsesa Emazteen kontrako bortizkeriaren Behatokitik kanpo geldituko dela eta CIDFF-eko permanentziak berriz plantan jarriko dituela iragarri du. Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feminista Patick Dallennes suprefetaren argumentuen kontra doa eta "medioen murrizketa inposatua" zaiola salatu du.

Kazeta|2015/05/06 17:35|0 iruzkin
Guz_femmes_bobedme101
Baionan eta Pauen harrera permanentziak antolatuko lituzkete. © Bob Edme

Departamenduko Familia eta Emazteen eskubideen informazio zentroa (CIDFF) desagertu denetik hilabete batzu iragan ondoren, Estatu frantsesak Emazteen kontrako bortizkeriaren Behatokian ez duela gehiago parte hartuko iragarri du. Horretaz gain, Baiona eta Pauen harrera permanentziak berriz plantan jarriko dituela adierazi du; bi lurraldeen arteko berdintasuna errespetatuz. Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektiboak "medioen murrizketa inposatua" zaiola salatu du.

Departamenduko Familia eta Emazteen eskubideen informazio zentroak (CIDFF) bere ateak hetsi zituen urte hasieran. Gaiaren inguruko eskasia betetzeko, Emazteen kontrako bortizkeriaren Behatokia sortu zen.

Apirilaren bukaeran, Estatu frantsesak Behatokitik kanpo geldituko dela iragarri du. Agiri baten bidez, egitura zortzi kolektiboek osatzen dutela gogoratu du eta orain arte Estatuak ere horretan parte hartzen zuen. Erabakiaren arrazoiak zehaztean, "proiektuaren bultzatzaileek autonomia gehiago nahi dutela" azpimarratu du eta horretaz gain, "irregulartasun juridikoei" buruz aritu da.

Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektiboak, prefetak "sortzaileen artean, pertsonalitate morala ez duten kolektiboen presentzia" nabarmendu duela adierazi du. "Ez zen gure kolektiboa inondik ere kide sortzailea. Egituran boz kontsultatiboa dugu, besterik ez!", aldarrikatu du. Beren iritziz, "eskandalagarria da proiektuaren porrota talde feministen gain emaitea". 

Permanentzia orduak

Estatuak Baiona eta Pauen harrera permanentziak berriz plantan jarriko dituela zehaztu du. Prefetak, hitzorduek "bi eremuen arteko berdintasuna ziurtatuko" dutela azpimarratu du. Eskualdeko Kontseilua, CAF-a eta tokiko kolektibitateek "beharrei moldatutako soluzio bat atzemanen duten bitartean, aterabidea" izanen da.

Kolektibo Feministak permanentzia horiek Bordaleko CIDFF-aren pean izanen direla adierazi du. "Lehen, Baionako CIDFF-entzat 32 oren dedikatuak ziren, geroan 17 oren eta erdi izanen dira eremu bakoitzean. Medioen murrizketa inposatzen digute! ".