Estatu espainiarra: zazpi kondena tortura kasuak ez aztertzeagatik

Maiatzaren 5ean Patxi Arratibel euskal presoaren tortura kasua ez aztertzeagatik Europak jakinarazi du Estatu espainiarra kondenatzen duela. Orotara Giza Eskubideen Europako Epaitegiak zazpi aldiz Estatu espainiarra kondenatu du tortura salaketak ez ikertzeagatik. Horietariko sei kasu, euskal herritarrek egindakoak dira.

Kazeta|2015/05/05 16:00|0 iruzkin
Arp_110125_685643
Patxi Arratibelen senideen salaketa. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Giza Eskubideen Europako Epaitegiak Estatu espainiarra tortura kasuak ez ikertzeagatik berriz ere kondenatu du. Maiatzaren 5ean, Patxi Arratibelek egindako tortura salaketa ez ikertzea leporatzen zaiola iragarri da. Etxarri-Aranatzeko euskal preso ohiak Ekin taldearen kidea izatea akusatu zioten eta 2011an atxilotua izan zen.

Euskal herritar baten lehen kasua 2010an agertu zen. Hain zuzen ere, Estatu espainiarrak Mikel San Argimiroren kasua ez ikertzeagatik kondenatua izan zen. Ondotik, Iker Beriastainen kasua agertu zen eta 2012. urtean "Egunkaria" komunikabidearen lehendakari ohia den Martxelo Otamendik jarritako salaketa iragan zen.

2014. urteko uztailean, Giza Eskubideen Europako Epaitegiak Estatu espainiarra berriz kondenatu zuen Beatriz Etxeberria eta Ohian Ataunen tortura salaketak ez aztertzeagatik. Gogoratu behar da Ataun, egun hauetan Madrilen iragaiten ari den hamar gazteen kontrako epaiketan akusatua bezala deklaratzen ari dela.

"aztnugal"

Atxilotua eta inkomunikatua izan ondoren, Patxi Arratibelek torturak sufritu zituela salatu zuen; bai fisikoak, baita psikologikoak ere. Grande-Marlaska jujearen aitzinean bizitakoa kontatu zuen eta adierazi zuen poliziari egindako adierazpen baten orrian "aztnugal" idatzi zuela bere izenaren ondoan, "Laguntza" alderantziz.

Patxi Arratibel urte bat eta erdi beranduago aske gelditu zen eta bere salaketa justizia espainiarretik iragan zen. Azkenean, 2013. urtean Behatokiak Estrasburgora jo zuen eta hunek gaur arrazoia eman dio.