Kazeta

KAZETA.EUS: Bernat Etxepareko ikasleen Interneteko erreferentzia

Herria aldizkariak Bernat Etxepare lizeoko 142 ikasleei gaurkotasunaz jabetzeko zein hedabidetara jotzen duten galdetu die. Interneteko sailean, ikasleek KAZETA.EUS hedabideari lehentasuna emaiten diote.

Herria aldizkariak egindako inkestak 142 ikasle galdezkatu ditu. © Kazeta
Herria aldizkariak egindako inkestak 142 ikasle galdezkatu ditu. © Kazeta

Herria aldizkariak euskal gazteriak gaurkotasunaz jabetzeko egiten dituen hautuak aztertu ditu azken alean. Zortzi galderen bidez, prentsan, irratian edo Interneten ikasleek zein hedabidera jotzen duten jakin nahi izan du. Inkestaren egilea den Mattin Larzabalek "euskararen tokia zein den jakiteko", euskarazko eta frantsesezko hedabideak kontutan hartu direla adierazi du. Ondotik, Erramun Bachoc ikerlariak emaitzak aztertu ditu.

"Herriak ibilbide luzea du eta gaurkotasunaren argazki bat egin nahi izan du", adierazi du aldizkariko kidea den Mattin Larzabalek. Horretarako, lizeoko euskal hiztunek aktualitatearen berri ukaiteko zer irakurtzen, entzuten edo begiratzen duten ikertu du. "Oraingo egoerari arreta jarri diogu, etorkizuna zer izanen den markatzeko", gehitu du.

Etxepare lizeoan diren 220 ikasleetatik, 142 gazteek erantzun dute: 27 ikasle Bigarrenean dira, 67 Lehenean eta 48 Terminalean. Herriaren arabera, ikasleen bi herenak sare sozialetan dira eta hiru laurdenek xakeleko telefonoa dute. Interes puntuei dagokienez, gehienak aktualitate orokorrari interesatzen dira eta ondotik kirolari.

Sare sozialak garaile

Zortzi galderen arabera, prentsa idatzian, irratian, telebistan edo Interneten zein hedabide hautatzen duten jakin du. Interneten, erantzunen arabera sailkatutako euskarazko hamaika webgune eta erdarazko hamar webguneen erabilpena berdintsua da. Euskarazko erreferentzietatik ikasle gehienek KAZETA.EUS informazio orriarengana jotzen dute. Halaber, erdalguneen artean Wikipedia kopuru handiena lortzen duen gunea da.

Ipar Euskal Herriko komunikabideak 2011n Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen erabilpenari buruz argitaratutako inkesta baten konparazioa egin du. Hain zuzen ere, gehien erabilitako komunikabideari buruz galdegitean, irratian %4a da euskararen presentzia eta telebistan %16koa da. Aldiz, Ipar Euskal Herriko gazteen kasuan, irratian euskararen presentzia %63a da eta %12a telebistan. "Ondorioz, erran daiteke, araberan, Iparraldeko gazteek Hegoaldekoek baino askoz gehiago baliatzen dituztela euskarazko irrati-telebistak", azpimarratu du Mattin Larzabalek.