Iurre BIDEGAIN

Herri Urratsek Seskaren lau "berri onak" ospatuko ditu

Herri Urrats maiatzaren 10an ospatuko da. Aurtengo edizioak Ziburuko ikastolaren alde joko du, baina hitzordua heldu den ikasturtean sortuko diren hiru ikastola berrien proiektuak ospatzeko parada ere izanen da.

Herri Urratseko irabaziak Kaskarotenea ikastolarentzat bideratuko dira. ©Isabelle Miquelestorena.
Herri Urratseko irabaziak Kaskarotenea ikastolarentzat bideratuko dira. ©Isabelle Miquelestorena.

Urtero bezala, maiatzaren 10an Senpereko lakuak Herri Urrats jaialdia errezibituko du. Aurtengo edizioaren irabaziak Ziburun Kaskarotenea ikastolak erosiko duen lurrarentzat bideratuko dira. Ikastola berria ospatzeko parada izanen da, baina Seaskako lehendakaria den Paxkal Indok azpimarratu duen bezala, "Azkarate, Basusarri eta Biriatun eginen diren ikastolen sorrera ospatzeko" ere. Aurtengo jaialdiaren kantua Willis Drummond eta Niko Etxartek eskaini dute. 

"Espero dugu aurtengo Herri Urrats biziki arrakastatsua izaitea, Seaskak dirua behar duelako", adierazi du Paxkal Indok. Aurtengo ospakizuneko irabaziak Ziburuko Marinela auzoan 300.000 eurotan erosiko den lur pribatuarentzat bideratuko dira. "Urte huntan berri onekin heldu gira, Ziburukoaz gain, hiru ikastola berri sortuko direlako. Bada poztekoa", azpimarratu du lehendakariak.

Aurtengo ospakizunaren "@xik ikastol@" izena duen kantua Willis Drummond eta Niko Etxartek eskaini dute. Xan Bidegain musikariak lema ez zela erreza aitortu du, baina "taldearen nortasuna" duen abestia sortzen lortu dute. "Memento huntan pausan gira, beraz berezia eta plazer handia izanen da 2015. urteko kontzertu bakarra Herri Urratsen iragaitea", gaineratu du Bidegainek.

"Herri Urrats, haurren besta"

Urtero bezala Senpereko lakuaren inguruan kokatuko diren guneetan haurrek protagonismo handia izanen dute. Herri Urratsen lehendakari ordea den Maialen Etchemendyk hiru gune izanen direla zehaztu du. Alde batetik, "handiena" Araba gunea izanen da. Gune horretan, Albaolaren eskutik 16. mendeko baleontzien eraikuntza islatuko duen erakusketa bat proposatuko du aurten.

Bestalde, Gipuzkoako txokoan 10.30etatik 16.30etara ikusgarriak antolatuko dira, besteak beste, Ane Pirataren dantzaldia. Azkenik, Lapurdiko gunean 11.00etatik aitzina, haurrek tranpolin erraldoi batean salto egiteko parada izanen dute.

Lehendakari ordeak aurten gazteei zuzenduko zaien berezitasun bat aurkeztu du. Hain zuzen ere, Baxe Nafarroako txokoan 13-16 urte bitarteko gazteek Euskal Herriko beste gazteekin lehiatzeko parada izanen dute. "Euskaraz jostatu eta gozatzeko mementoa izanen da", gehitu du.

Animazioak

Herri Urratsek adin guztiei zuzendutako aktibitateak proposatzen dituenez, guneetan ere beste motako animazioak eskainiko dute. Lapurdin, 11.00etatik aitzina bertsolariak entzuteko parada izateaz gain, Aguxtin Alkhat edo Aire ahizpak taula gainera igoko dira.

Arabako gunean izanen den eszenatokian, Zezenaren taldeak edo Maialen Errotabeherek kontzertuak eskainiko dituzte. Halaber, "Nafarroan", Oihan Bega, Betagarri edo Willis Drummond taldeek giroa alaituko dute.

Aurten ere Herri Urrats jaialdiak, gune guztietan kokatuko diren birziklatzeko puntuei esker ingurumenaren alde joko du. Halaber, lehendakari ordeak Ipar Euskal Herritik autobusak antolatuak direla zehaztu du eta horretaz gain, Senperetik joan-jinkaria prestatu da.