Kazeta

Etxeratek "dispertsioak eragindako" laugarren istripua salatu du

Etxeratek Maria Lizarraga eta Oier Lorente euskal presoen lagunek izandako bi istripu salatu ditu. Aurten, lau dira "dispertsioak eragindako" istripuak; iragan den urtean hamar izan ziren.

Urtean gertatu den hirugarren istripuaren irudia. Argazkia: @AskeGunea
Urtean gertatu den hirugarren istripuaren irudia. Argazkia: @AskeGunea

Apirilaren 26an "dispertsio politikak zuzenki eragindako beste bi istripu gertatu ziren", salatu du Etxeratek. Maria Lizarraga eta Oier Lorente euskal presoei bisitak egiterakoan, senideek istripua izan dute. Elkartearen ustez, "bizitzak jokoan ezartzen dituen eta eskubideen urraketen zerrenda etengabe handitzen duen dispertsio politikarekin amaitu behar da".

Urtean gertatu den azken istripua Maria Lizarraga euskal presoari bisita egin zion Xabier Arisa preso ohiak sufritu du. Etxeratek 720 kilometrotara kokatua den Villenako kartzelan ostiraletan 10.15etan eta igandetan 18.30etan bisitak egiten ahal direla ohartarazi du. Horrek "suposatzen duen neke, tentsio, lan arazo guztiekin...".

Arina gasolindegi batetik atera ondoren, bidean ziren bloke batzuen kontra jo zuen. Preso ohia ez da zauritu, baina autoak kalteak izan ditu. Elkartearen arabera, taxiz itzuli baino lehen, Guardia Zibila deitu zuen eta "oso jarrera erasokorra erakusteaz gain, 80 euroko isuna jarri zioten, arretarekin ez gidatzeagatik".

Halaber, urteko hirugarren istripua Oier Lorente bisitatzera joan den lagun batek izan du. Tolosara iristen zenean, ur putzu bat zapaldu eta autoaren kontrola galdu du. Lagunak kolpe arinak izan ditu eta autoa oso kaltetua atera da.