Orain arteko lemek EHZ-ren programazioa bideratuko dute

EHZ elkarteak festibalaren ibilbidearen hasieran zeuden partaideekin batera, egitaraua iragarri dute. Aurtengo edizioan, orain arte bildutako lemak programazioaren oinarri izanen dira. "Zaflakoak" banatuz, taldeak "deskubritzeari" garrantzia eman nahi izan diote.

Iurre BIDEGAIN|2015/04/27 14:20|0 iruzkin
Guz_ehz2015_programme_bayonne_isabelle_miquelestorena03
Jean-François Lefort, Amaia Boloki, Txetx Etcheverry eta Pauline Guelle. ©Isabelle Miquelestorena

"20 urte, urtero sortzen". Uztailaren 3tik 5era iraganen den festibalaren lema honakoa da. Festibala "inoiz baino bereziagoa" izanen dela iragarri dute eta apirilaren 27an, Baionan aurkeztutako programazioa xedearen isla da. Pauline Guelle eta Amaia Bolokik festibalean parte hartuko duten taldeak aurkeztu dituzte. Horiekin batera, ospakizunaren hasieran parte hartu duten Txetx Etcheverry eta Jean-François Lefortek hasierako urteen gogoetak oroitu dituzte.

"Gazteek erreleboa hartu dute, baina gutaz gogoratu dira", adierazi du Jean-François Lefortek. Berarekin batera, Txetx Etcheverryk garai hartan idatzitako xede batzu irakurri ditu eta horiek mundializatzen zen gizarteari alternatiba bat eskaini edo FN alderdiaren kontra joan nahi zuten. "Gaur egun, aldatu ez diren ikuspegiak", zehaztu du.

Etcheverryren ustez, festibala "inoiz baino biziagoa eta elkartasun handikoa da". "Antolatzaileek eta laguntzaileek gaur egungo Euskal Herria eraikitzera lagundu dute eta etorkizunekoa sortzen lagunduko dute", aldarrikatu du kide ohiak.

Lemak bildu

Amaia Bolokik aurtengo festibalak "ibilbide ezberdinak" proposatuko dituela adierazi du. "Taldeekin publikoa inarrosi nahi dugu. Ez dugu nahi EHZ bakarrik kontsumo toki bat izatea, baizik eta taldeak edo gogoetak deskubritzeko parada", azaldu du antolatzaileak.

Horretarako, orain arteko festibalaren lema batzu bildu dituzte programazioa bideratzeko. "L'Eurock des peuples, contre la wold company" lemak, alde batetik, Europatik etorritako taldeekin hizkuntza gutxituak lagundu nahi dituzte. Adibidez, erromatarrez kantatzen duen Il Muro del Canto taldea. Bestalde, Bolokik "engaiatuak diren taldeak" ekarri nahi dituztela azpimarratu du. Hau da, Skip&Die edo Anestesia taldeak bezala.

"Aniztasuna irauli, kultura erein" lemarekin, beste musika motak eszenatokira eramanen dituzte. Alde batetik, Deluxe edo Donostiako Skakeitan taldeek tekno eta ska estiloak proposatuko dituzte. Bestalde, "kultura erein" bidetik, Euskal Herriko proiektuak ezagutaraziko dituzte: Garaztarrak edo Poligorn taldeenak bezala.

Giro herrikoia

"20 urte, urtero sortzen" lema berriz gogoratuz, EHZn jadanik egondako taldeak ospakizunera berriz itzuliko dira. "20 urteko festibalaren eszenak markatu dituzten taldeak berriz arituko dira. Adibidez, Massilia Sound System Arrosako lehen afixan egon zen", adierazi du Guellek. Horretaz gain, igandean ospatuko den kantaldiak "giro herrikoa mantenduz", laster iragarriko dituen sorpresak ekarriko ditu.

Amaia Bolokik "urtero sortzen" adierazpenari erreferentziarekin, "publikoarekin bihozkadak partekatu nahi" direla zehaztu du. Talde ezagunak ekartzeaz gain, berriak ezagutarazi nahi dituzte; Last Train taldea bezala. 

Kontzertuez gain, antolatutako tailerrek desmartxa kolektiboak bideratuko dituzte. Halaber, ostiralean, txikiek beren tokia mantenduko dute prestatutako EHttipiz programazioan. Uztailaren 3an inguruko ikastoletako 200 haur hurbilduko dira pentsatutako aktibitateetan parte hartzeko.

Antolatzaileek hitzorduek jarraitzen dutela gogoratu dute. Hain zuzen ere, EHZ zinemaldiak «Ne vivons plus comme des esclaves» filmarekin maiatzaren 13an Mauleko Zinka ostatuan segituko du.