Iurre BIDEGAIN

Hiru ikastola sortzeko ametsa "historikoa"

Heldu den ikasturtean, Seaskak hiru ikastola sortuko ditu: Azkaraten, Basusarrin eta Biriatun. Lehen aldia da urte berdinean hiru ikastola sortzeko proiektua agertu dela. Euskararen transmisioaren aldeko gertakizun "historikoa".

Azkarateko ikastolaren egoitzaren aurkezpena. (Bob EDME)
Azkarateko ikastolaren egoitzaren aurkezpena. (Bob EDME)

Seaska aitzina doa. Ipar Euskal Herriko ikastolen kopurua urtero emendatzen da. "Burasoen motibazioari esker" 2014-2015 ikasturterako hiru ikastola berri sortuko dira: Azkarate, Basusarri eta Biriatun. Heldu den sartzean 3.300 ikasletik gorak euskararen aldeko urratsak eginen dituzte.

"Ongi etorri Seaskaren 32. ikastolara". Seaskako lehendakaria den Paxkal Indok "hiru berri on" emaiteko, Azkaraten kokatuko den ikastola berriaren ateak ireki ditu. Heldu den ikasturtean Azkaratek, Basusarrik eta Biriatuk ikastola berria errezibituko dute. Baxe Nafarroaren kasuan, "lehen aldia da herri batean eskola bakarra ikastola" dela, azpimarratu du lehendakariak.

Ikastolen elkartea azken hamar urteetan hazkunderik handiena lortu duen hezkuntza sarea da. Hau da, 2014. eta 2004. urteetako sartzeak konparatuz, eskola pribatuak 40 haur galdu dituen bitartean, Seaskak 881 ikasle irabazi ditu.

Horretaz gain, eskola publiko eta pribatuan martxan jarritako "murgiltze" sistemaren esperimentazioak emaitza positiboak ondorioztatu ditu. "Helburua ez da ikastolak, publiko eta pribatuaren aitzinean konparatzea, baizik eta denek euskararen aldeko urratsak egitea. Euskarak denen beharra baitu", aldarrikatu du Indok.

Arraberritze "magikoa"

28 urte dira Azkarateko eskola ohia hetsi zela. Herriko auzapeza den Jean-Michel Galantek, geroztik, "bigarren bizia" eman ziotela zehaztu du. Hain zuzen ere, Ikas Bi eskola publiko elebiduneko burasoen elkarteari egoitza alokatzen zioten egonaldiak antolatzeko. "Ohartu gira ez zutela deus egiten bastizaz eta kontratua hautsi dugu", adierazi du auzapezak.

Urte hasieratik Herriko Etxeak egoitzari erabilpen bat eman nahi zion eta Galantek "haurtzaindegi bat egiteko eskaera" jaso zutela iragarri du. Erabakia Herri Elkargoaren esku zegoen, baina azkenean ikastolaren proposamenak aitzina egin du. "Edozein herrirentzat pozgarria da ikastola bat izaitea. Ni kontent niz", zehaztu du auzapezak.

Heldu den ikasturtean hasiko diren hamaika ikasleen burasoek alaitasun berarekin bizi dute. Burasoa den Amaia Jauregik "Garaziko ikastola txikiegia gelditzen ari" dela ohartarazi du. "Talde bat lanean hasi zen eta herrien itzulia egin ondoren, trabarik gabe Azkaraten sortzea lortu dugu. Enetzat magikoa da", aitortu du. 

Burasoen motibazioa

Paxkal Indok, Azkaraten bezala Biriatun motibatuak diren buraso batzuek ikastola berria irekitzeko asmoa ukan dutela adierazi du. Azken urteetan anitzak dira Biriatutik Urruña edo Hendaiako ikastoletara joan diren haurrak, baina heldu den ikasturtean 5-6 haurrei esker eskola publikoaren ondoan dagoen bastimendu pribatu batean kokatuko da ikastola berria.

Halaber, lehendakariak Basusarri "garapen betean den herria" dela azpimarratu du. Bertan martxan jarritako etxebizitza proiektuek populakuntzaren emendatzea suposatuko dute. Gaur egun sail elebidunik gabeko eskola publiko bakarra dago. Eskasia horri aurre egiteko, bastimendu publiko batean ikastola berria zazpi haurrekin abiatuko da.