Kazeta

EHLGk zuhaitzen erabilpena sustatzen dituzten etxaldeak sarituko ditu

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak "agro-oihangintza lehiaketa" antolatu du, zuhaitzen erabilpena sustatzen duten etxaldeak saritzeko. Txapelketa hiru sailetan banatuko da: haritza eta gaztainatzearen erabilpena kabalak elikatzeko, oihanak baliatzea egurra edo zura egiteko eta fruituen ekoizpena.

maiatzaren 8a baino lehen, laborariek egiten duten lana txosten baten bidez aurkeztu beharko dute.
maiatzaren 8a baino lehen, laborariek egiten duten lana txosten baten bidez aurkeztu beharko dute.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) gaur egungo zuhaitzen eta laborantzaren arteko loturari buruzko gogoeta berri bat abiatu du. Gaur egun, zuhaitzak beren aberastasuna galduz anitzetan oztopoak bilakatu direla uste du. Horretarako, EHLGak Euskal Herrian egiten den zuhaitzen erabilpena aztertu nahi du eta, batez ere, etxaldeetan egiten den erabilpena zein den. Horretarako, hiru sailetan banatua den lehiaketa prestatu du.

"Azpimarratu nahi ginuke gure deia ez dela 'lehiaketa' batetara mugatzen. Ekintza hunen bidez zuhaitzak baliatzen dituzten etxaldeak ikertu nahi genituzke, haien sistema hobeki konprenitzeko eta beste laborarier konkretuki etxalde batean zuhaitzak nola baliatzen ahal diren erakusteko", argitu du EHLGak.

Garaian, laborantzaren munduan zuhaitzari erabilpen handia eskaintzen zitzaion. Etxaldeetan kabalak elikatzeaz gain, zuhaitzetatik laborariek fruitu, egur edo zura biltzen zituzten. "Ingurumenaren aldetik uraren kalitatea eta biodibertsitatearen begiratzeko edo lurtatzeen mugatzeko ezinbesteko tresna da". Baina urteak pasa eta oinarrian zeukan garrantzia galdu dute.

Lanaren ezagutza

Gaur egun zuhaitzen inguruan egiten den lana ezagutzeko, EHLGak lehiaketa baten bidez laborariek egiten duten lana ezagutu nahi du. Horretarako, hiru sail pentsatu dira: haritza eta gaztainatzearen erabilpena kabalak elikatzeko, oihanak baliatzea egurra edo zura egiteko eta fruituen ekoizpena.

Ardatz bakoitzean, maiatzaren 8a baino lehen, laborariek egiten duten lana txosten baten bidez aurkeztu beharko dute. Hau EHLGren egoitzara bidali beharko da. Hain zuzen ere, txostenek "zuhaitzak nola zaintzen, baliatzen eta arraberritzen dituzten" islatu beharko dute. Sail bakoitzean, hiru etxalde interesgarrienek sari bat lortuko dute.

"Etxaldearen autonomia hobetzen, enplegua begiratzen edo sortzen eta ingurumenaren zaintzea ahalbidetzen duten sistemer lehentasuna emanen zaie", gehitu du entitateak.