Dantza, ikusgarriak, zinema eta difusioa, EKEren lehentasunak

Euskal Kultur Erakundeak urteko bilan baikorra egin du. 2014. urtean 437 ekintza eraman ditu aitzina eta orotara 88 elkarte lagundu ditu. Aurtengo ardatzak finkatu ditu: euskal dantza, gazteentzat zuzendutako ikusgarriak, euskal zinemagintza eta hedapenaren egituraketa.

Kazeta|2015/04/23 12:50|0 iruzkin
Img_20150418_102646354
2014. urtean EKEk 437 ekintza burutu ditu. © Mediabask

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) 2014. urteko bilana egin du. Orotara, kulturari lotutako sorkuntzen inguruan 437 ekintza burutu ditu. Aurten, "trantsizio" urtea izanen dela iragartzeaz gain, bost ardatz nagusien inguruan lan eginen duela adierazi du: euskal dantza, euskaraz eta gazteentzat izanen diren ikusgarriak, euskal zinemagintza eta hedapenaren egituraketa.

EKEren lehendakaria den Mikel Erramouspek lurralde erreforma eta Ipar Euskal Herri mailan dagoen gobernantzaren gaia gaur egun aztergai daudela oroitarazi du. Ondorioz, kultura politikan eragin zuzenak izanen lituzkete eta horrek erakundearentzat eremu berriak irekiko lituzkete.

Hain zuzen ere, 2015. urterako finkatutako ardatzez gain, beste puntu batzuetan lan egin nahi duela adierazi du lehendakariak. Alde batetik, kultura politika publikoaren inguruko hausnarketa sustatu nahi du. Bestalde, euskal kultura eskoletan integratu nahi du eta, azkenik, arlo numerikoaren sarbidea garatzeko xedea du.

2014an 437 ekintza

Iragan den urtean EKEk sorkuntza kulturari lotutako 437 ekintza lagundu edo eraman ditu. Hain zuzen ere, 212 ekintza bideratu ditu 139 partaiderekin. Hirurogei eta hamazortzi artistek parte hartu dute ekintzetan eta 88 elkarte sostengatuak izan dira.

Halaber, %34a kostaldean burutu dira, %26a erdialdean eta azkenik, %19a barnekaldean. Modu berdinean, %8a Hego Euskal Herrian egin dira eta %8a Euskal Herritik kanpo. Iragan den urteko erakundearen gastuak 957.000 eurotara ailegatu dira eta 578.000 euro diru-laguntzetatik lortu ditu.