Kazeta

Sarako merkatu berriak bitartekaririk gabeko salmenta sustatuko du

Ekoizle batzu elkartu dira Sarako Merkatua deitutako elkartea sortzeko. Lehen edizioa apirilaren 17an, ostiralarekin 16.30etan iraganen da. Ostiralero iraganen den hitzorduak bitartekaririk gabeko salmenta eta kalitatezko ekoizpena bermatuko du.

Sarako merkatua 16.30etan ostiralero iraganen da. © Sarako Merkatua
Sarako merkatua 16.30etan ostiralero iraganen da. © Sarako Merkatua

Salmenta zuzena, bitartekaririk gabekoa, prezio justuekin eta jaten dena zer den erakutsiko duena. Sarako merkatu berriak bilduko dituen ezaugarriak honakoak dira. Kalitatezko produktuen salmenta: baserritik, Lapurdiko herriko plazara. Sarako ekoizle batzu bildu eta Sarako Merkatua deitutako elkartea sortu dute. Maiatzetik urrira, hitzordua ostiralero 16.30etan iraganen da, aurten apiriletik abiatuko da ere.

Sagarnoa, gasna, fruituak, eztia, kontserbak edo laborantza biologikotik etorritako haragia. Produktu handana bat atxemaiten ahalko da. Balore berdinak konpartitzen dituzten ekoizleek eskainiko dituzte.

Hau da azoka berri huntan parte hartuko duten ekoizleek kalitatezko ekoizpena defendituko dute. Horrekin batera, industriala dena alde batera utzita, etxe ekoizpenaren alde lan eginen dute. Sarako plazan salduko diren produktuak euskal ekoizleen etxaldeetan eraldatuak izanen dira eta antolatzaileek zehaztu dutenez, "erositako produktuen birsaltzea ez da onartua" izanen.

Eskulanak eta animazioak

Mementuz Sarako bederatzi ekoizle elkartu dira. Hauekin, uztailetik irailera arau berdinekin bat egiten duten beste hainbat ekoizlek parte hartuko duela iragarri dute. Adibidez, Ossau Iratiko sor-marka duen Paxkal Etchegarayen ardi gasna edo Pocheluren Itsasuko gerezia. Antolatzaileek merkatua Euskal Herriko zazpi probintzietako ekoizleei irekia dela adierazi dute; "hurbileko arrantza ttipiari lehentasuna emanez".

Halaber, jateko produktuez gain, udan eskulangileek merkatuan bere tokia izanen dute ere. Hauek "lehengaia haien eskuekin lantzen baitute eta haien sorkuntzak tokiko bezeroei saltzen baitizkiete". Modu berdinean, Sarako Merkatua elkarteak animazio pedagogikoak antolatuko dituztela adierazi du.