Iurre BIDEGAIN

Bake Bideak Ipar Euskal Herriko errealitatea islatuko du Parisen

Bake Bidea mugimenduak "mugak hautsi" nahi ditu eta Ipar Euskal Herriko errealitatea Parisera eraman nahi du. Ekainaren 11n LGH-rekin (Giza Eskubideen Liga), Parisen bakearen inguruko Konferentzia Humanitario bat antolatu du frantses gizarte zibila eta politikoa sentsibilizatzeko, baina baita hemengo eragile politikoen sostengua bateratzeko ere.

Bake Bideak hitzordua Asanblada Nazionaleko sala batean antolatuko du. ©Isabelle Miquelestorena.
Bake Bideak hitzordua Asanblada Nazionaleko sala batean antolatuko du. ©Isabelle Miquelestorena.

Ekainaren 11n Bake Bidea mugimenduak eta LGHek (Giza Eskubideen Liga) Konferentzia Humanitario bat antolatuko dute Parisen. Estatu frantseseko Asanblada nazionalaren sala batean iraganen den hitzorduak, Ipar Euskal Herriko egoeraren erradiografia islatuko du. Aieteko Konferentziatik zer egin den, zein oztopo agertu diren edo sortutako eztabaida guneak zein izan diren aipatuko ditu. "Mugak hautsiz", frantses gizarte zibila eta politikoa sentsibilizatu nahi du, baina baita, Ipar Euskal Herriko elkarte eta eragileen sostengua ere batu nahi du.

Bake Bidea-ko kidea den Peio Dufauk 2011. urteko urriaren 17an Aieteko Konferentziak utzitako laugarren gomendioa gogoratu du: elkarrizketa guneen sorkuntza. Horri lotuta, iragan den urriaren 24an Estatu frantseseko Euskal Herriko elkarrizketa taldeak Baionan izenpetutako adierazpena azpimarratu du. "Lan diskretu eta aktiboaren bidez, ondorioak konpontzeko nahia erakutsi da. Orain tokiko mobilizazio hori Ipar Euskal Herririk Parisera eraman nahi dugu", gehitu du.

Horretarako, Bake Bidea-ko kidea den Anaiz Funosas-ek Parisen antolatutako Konferentzia humanitarioan "bake prozesuari bultzada bat eman nahi" dela iragarri du. "Gertakarien bilana egin nahi dugu eta hemen gertatu dena, ez dugu nahi hemen gelditzea" argitu du Funosas-ek.

Sostenguak atzeman

Ekainaren 11ko hitzorduak frantsesez gizartea sentsibilizatzeaz gain, Bake Bideak Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta elkarteen sostengua lortzea espero du. Bide berdinetik, "parlamentarien elkartasuna" lortzea nahi du.

Konferentzia Humanitario hunek "iritzien elkar trukatzeko eta iritzi ezberdinak entzuteko" unea bilakatzeko helburua du. "Memento amankomuna izaitea nahi dugu, azkarra. Indarra emanen diguna aitzina segitzeko; pausu berriak eraikitzeko eta sostengu gehiago lortzeko", aldarrikatu du Anaiz Funosas-ek.

Bake Bideak hitzorduaren programa eta partaideak "loturik gabe" daudela zehaztu du. Oraindik ez dakite adibidez, nazioarteko eragileek parte hartuko duten edo borroka armatuaren testigantzak atzemanen diren. "Ezin dizuegu detaile handirik eman, baina hemendik gutxira izanen ditugu", argitu du Bake Bidea-ko kideak.