Kazeta

Epaileak orotara hiru urteko espetxe zigorra agindu dio Intza Oxandabaratzi

Apirilaren 16an, Parisen, Intza Oxandabaratzen kontrako auzian, epaileak hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu du. Libre Baxe Nafarroa sostengu komiteak 19.00etan Donibane Garaziko herriko etxean elgarretaratzea antolatu du eta bertan 120 bat pertsonek parte hartu dute. Bagoaz kolektiboarentzat, "onartezina" den erabakia da eta "bake prozesuarentzat ezkorra den beste pausu bat errespresentatzen" du.

120 bat pertsona eskuz esku Intza Oxandabaratzen alde. Argazkia Bob EDME.
120 bat pertsona eskuz esku Intza Oxandabaratzen alde. Argazkia Bob EDME.

Martxoaren 18an, Pariseko epaitegiak Intza Oxandabaratzen epaiketaren deliberoa argitaratu behar zuen baina, azkenean, gaur arte luzatzea hautatu du. Epaileak hiru urteko kondena ezarri dio Oxandabaratzi. Hain zuzen ere, hamabi hilabeteko kondena fermua eta bi urteko balioztapen zigorraren aplikazioa. Libre Baxe Nafarroa Donibane Garazin antolatutako elkarretaratzean 120 bat pertsonek parte hartu dute. Bagoaz kolektiboarentzat epaileak hartutako erabakia "onartezina" da.

Orotara, epaileak Oxandabaratzi hiru urteko espetxe zigorra jarri dio. Gamartearrak Kasazio gortean errekurtso bat aurkezten ahalko luke. Bestalde, baldintzapeko askatasuna eskatzeko posibilitatea ere baluke eta Intza Oxandabaratz aske geldi liteke erabakia jakin arte. Hala ere, justiziak baldintzapeko askatasuna aztertu bitartean, espetxera igor lezake. Libre Baxe Nafarroa elkarteak argitaratu duenez, apirilaren 17tik aitzina bost egun ditu Kasazio gortera jotzeko.

Bagoaz kolektiboko kidea den Emilie Martinek epailearen erabakia "onartezina" dela aldarrikatu du. "Beste bat dela erraten ahal da. Beste eskubide urraketa bat eta beste pausu ezkor bat bake prozesuarentzat", gehitu du Martinek.

Intza Oxandabaratz 2011. urtean, haurdun zegoelarik, Donibane Garazin atxilotu zuten. Egunean berean bere bikotekidea den Julen Mujika ere atxilotu zuten. Azken hori, azaroan, Estatu frantsesetik kanporatua izan ostean, aske gelditu zen.

Prokuradoreak Oxandabaratzentzat sei urteko kondena eskatu du "ETAko kide izateagatik". Hain zuzen ere, lehergailu batean bere ADNa atzemateagatik aldarrikatu du espetxe zigorra. Bere abokatua den Maritxu Paulus-Basurcoren ustez, "ETA taldea laguntzeagatik" inposatu nahi diote bi urteko gibelapenezko zigorra.

Intza Oxandabaratz lehen aldian atxilotua izan denetik hautetsi anitzek eta Baxe Nafarroko biztanleek sostengua adierazi diote. 217 hautetsik mozio bat izenpetzeaz gain, 1.600 pertsona elkartu ziren gamartearra eta beste auziperatuen absoluzioa aldarrikatzeko.

Gisa berean, gaur, apirilaren 16an, Baxe Nafarroako sostengu komiteak 19.00etan Donibane Garaziko herriko etxean elgarretaratze bat antolatu du.