Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Pakito Lujanbio
Preso ohia

"Betiko zigorrak mendekukoak dira, gorrotoan oinarrituak"

Jakes Esnal, Txistor Haranburu, Ion Kepa eta Unai Parot duela 25 urte preso dira. Betiko espetxera kondenatuak dira. Horren karietara, Bagoaz kolektiboak gaur 17.00etan Senpereko Larreko gelan ekitaldia antolatu du. 80 hamarkada edo tortura aipatzeaz gain, Pakito Lujanbio preso ohiak bere bizipena islatuko du. 

Pakito Lujanbiok 29 urte pasa ditu espetxean.
Pakito Lujanbiok 29 urte pasa ditu espetxean.

Pakito Lujanbio 1984. urteko uztailaren 15ean Ipar Euskal Herrian atxilotua izan zen. Hainbat espetxetik iragan eta gose greba bat burutu ondoren, 29 urte kartzelan pasa ditu. 2013. urteko azaroan aske gelditu zen.

Nola gogoratzen dituzu espetxeko urte horiek?

Espetxeko bizian, gauza onak eta txarrak gogoratzen ditut. Eguneroko borroka bat da. Askotan galdetzen didate nola egiten den hortik zoroa ez ateratzeko eta beti formula zehatzik ez dagoela erantzuten dut. Beraiek antolatu nahi dizutenera egokitu behar duzu. Horren barnean saiatzen zara zure ordutegia egiten. Patiora ateratzeko, kirola egiteko…. eta mundua konpontzeko. Gehien gogoratzen dudana gure artean egindako harremanak dira.

Oroitzapen on bat aipatzea eskatzen badizut, zein izanen litzateke?

Oroitzapen onak gauza txikiak ziren. Adibidez, bisitak. Bisita bat izan duzu eta zerbait berezia izan da. Horrek pilentzat karga bat suposatzen zuen. Bisitatik itzultzen zara eta aldameneko kideari izugarrizko txapa bat ematen diozu. Nik bizitza erdia espetxean pasa dut eta batzuetan esaten didate ohitu egingo nintzela; baina ohitu sekulan ez. Moldatzen ikasi bai. Gizakiak dituen moldatzeko gaitasunek laguntzen dute.

Oroitzapen gogorrena zein izanen litzateke?

Gogorrenak familiarekin zerikusia dutenak izaten dira; adibidez, familiar baten heriotza. Bakardadea ere. Senideren bat gaixo dagoenean eta ezer jakitearen inpotentzia gogorra da. Bost minutuko dei horrekin bakarrik gelditzen ahal zara. Haiek badakite zure minarekin jokatzen dutela eta beraien eskuetan txotxongilo bat ez duzu izan nahi. Hango bizimoduan, batzuetan tokatzen ahal zaizu isolamenduan bizitzea. Beste kide bat ondoan baldin badaukazu, beste mundu bat da.

29 urte espetxean egon ondoren, euskal presoen egoera aldatu da?

Euskal preso politikoen egoera beti gogorra izan da. Aspalditik sortu dira elkarte eta kolektiboak, baina presoen aldaketa nabarmena dispertsioarekin agertu da. Sakabanaketa beti egon da, baina sistematikoki 1989an hasi zen. Ordurarte multzo nahiko handietan geunden. Hasieran ez geunden ohituak preso sozialen artean ibiltzea eta hori ere ikasgai bat da.
Hori guztia presoen bizi baldintzei dagokiona, baina zer esanik ez senideentzat. Ez da gauza berdina Herrera joatea lau autobusetan edo Almeriara bidaiak antolatzea.

Emakumeen sakabanaketa are okerragoa izan da. Kopurua txikia denez, multzoak txikiagoak ziren ere. Eramaten zituzten binaka gehienez eta askotan bakarka. Dispertsioa emakumeentzat gogorragoa izan da.

Nere ustez preso gaixoen egoera aipatu behar da ere. Hor bai ez duela aitzina egin, baizik eta gibelera egin du. Bestalde, Oier Oak gaur du ateratzeko data. Baina bere senideek gaur arte ez dakite nora eramango duten eta hori tortura mota bat da. Ez diete begia morea utziko, baina barruko mina izugarrizkoa da.

Gaurko ekitaldian betiko kondenak aipatuko dituzue, zer iruditzen zaizkizu?

Mendekuak. Gorrotoan oinarritua. Badirudi preso batzu hil zorian atera nahi dituztela. Nik ez daukat gakorik egoera ekiditeko, baina zerbait egin behar dugu. Herri honek ezin du horrela utzi gertatzen ari dena. Bitartean senideei laguntza eskaini behar zaie, hauen koiuntura ez delako aldatu. Duela urteak eta urteak hauek gauza berdina egiten dutela. Bisitak antolatu eta ostiralean bere poltsarekin ateratzen dira. Senideei beti galdetzen diegu zer moduz, eta hauek presoen egoerari buruz erantzuten dute, baina ez dute beren egoeraren berri ematen.