Iheslarien aurkako «neurri errepresibo guztiak» bertan behera uzteko eskatu du EIPK-k

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak duela bi urte Biarritzen hasitako bide orria berretsi du eta gatazkaren konponbidean indarrak biderkatu eta urratsak adosteko deia egin du. Bide horretan, iheslarien aurkako «neurri errepresibo guztiak» bertan behera uzteko eskatu du.

Naiz|2015/03/27 13:12|0 iruzkin
20140322_herriaduguarnas22
Arrangoitzen 80 bat iheslariek egindako agerraldia. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) agiria kaleratu du, sorterrira itzultzeko erabakia gauzatzen hasi zenetik urtebete igaro dela. 2013ko ekainean aurkeztu zuten bide orriari jarraitzeko asmoa berretsi du kolektiboak, eta gatazkaren konponbidean indarrak biderkatzeko deia egin du.

Biarrizko adierazpen hartatik hona estatu frantsesak eta espainolak iheslari politikoen aurkako «salbuespeneko neurri bereziekin» jarraitu dutela gogora ekarri du, eta horren adibidetzat aipatu ditu azken urtean Europan eta Amerikan izandako iheslarien atxiloketak eta euroaginduak.

«Eraso» horiek salatzearekin batera, Euskal Herrian konponbide prozesua adostu eta bide horretan urratsak egin behar dira EIPK-k nabarmendu duenez. «Bake justu eta iraunkorreko eszenatoki bat erdiesteko akordio zabalak lortu eta gauzatzeko unea da», dio agirian.

Estatuen «inboluzioak» Euskal Herria «etsipenera, iraganera kondenatzea helburu» izan arren, EIPK-k bide horretan izan diren hainbat gertaera positiboki baloratzen ditu, hala nola Baionako Adierazpena, gatazkaren konponbide orokorra planteatzen duen adierazpen gisa.

Ildo horretan, konponbidearen alde urratsak adostu eta «bidea gelditu gabe egiten» joan behar dela dio, eta iheslarien aurka erabiltzen ari diren «neurri errepresibo guztiak» gelditzea «ezinbesteko» jo du.

Horien artean aipatu ditu atxiloketa eta euroaginduak dituzten iheslarien aurkako eskaera judizialak gelditu eta «duintasunez bizitzeko baldintzak» sortzeko beharra; tortura oinarri duten prozedura judizialak bertan behera uztea; 80. hamarkadan deportatu zituzten herritar guztiek «libre Euskal Herriratzeko eskubidea»; «legedia arruntean artxibatuta behar luketen» prozedura judizialei aterabidea ematea eta iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak ixtea.

«Inoiz baino gehiago, etorkizuna eskuetan hartzeko garaia da. Oraina irabazteko garaia», adierazi du Iheslarien Kolektiboak.