Frederik Haranbururi baldintzapeko askatasuna ukatu diote

Bagoaz kolektiboak jakinarazi du Estatu frantseseko justiziak Frederik Haranburuk egindako baldintzapeko askatasunaren eskaera ezeztatu duela. Senperetarra 1990. urtean betiko espetxe zigorrera kondenatua izan zen eta 2013. urtean, lehen aldiz, eskaera egin zuen.

Kazeta|2015/03/27 16:15|0 iruzkin
Txistor_twetter
Xistor Haramburuk 25 urte pasatu ditu kartzelean.Argazkia http://xistor.askatu.overblog.com

1990. urtean atxilotua eta betiko zigorrera kondenatua izan ondoren, Frederik Haranburuk, "Txistorrek", 2013. urtean baldintzapeko askatasun eskaera egin zuen. 2014ko otsailaren 18an Estatu frantseseko justiziak aztertu eta, Bagoazek jakinarazi du eskaera ukatu diotela martxoaren 27an, ostiralarekin. Erabaki "kezkagarria, eskandalu bat". Abokatuaren arabera, euskal presoak hamar egun ditu helegitea aurkezteko; "astelehenean bertan" eginen du.

Frederik Haranbururen abokatua den Maritxu Paulus Basurcok azpimarratu du: "epaileentzat Txistorrek ez dizkie biktimei beharrezko kalteak ordaindu". Gainera, otsailaren 18an Txistorrek audientzia izan zuenean, epaileek notifikatu zioten departamenduan ezin izanen zuela bizi.  "Epaileen iritziz, departamenduan proiektu bat sortzeko goizegi dela" esplikatu du abokatuak.

Txistor Haranburu atxilotua izan ondotik, zazpi urtez prebentzio atxiloaldian egon eta, justiziak betiko zigor espetxera kondenatu zuen. Garai hartan, hamazortzi urteko espetxe zigorra betetzea kondenatu zuten, horrek erran nahi du 2008. urtetik baldintzapeko askatasuna galdegiten ahal zuela.

2013. urteko uztailean, lehen aldiz, eskaera egin zuen eta justiziak 2014an aztertu zuen. Txistorren alaba den Joana Haranburuk, "justiziak edozein aitzakia atxemanen du aita kartzelan egoteko" erraten zuen aste huntan KAZETA.EUSek egin dion elgarrizketan. "Justiziari argi eta garbi preso batek bere kondena noiz bete duen erratea eskatuko nioke. Bizi osorako kondenaren kasuan mugarik ez dela badakigu. Heriotza arte itxoin behar dugu gure senideak etxean ikusteko?", adierazi du alabak.

Beste kasuak

Gogoratu behar da, Ipar Euskal Herrian hiru presok dutela betikotasun kartzela zigorra:  Frederik Haranburuk, Jakes Esnalek eta Ion Kepa Parotek. Hauek duela 25 urte kartzelan dira; Estatu frantseseko euskal preso ohienak dira.

Bagoaz kolektiboak gogoratu du Ion Kepa Parotek lau eskaera egin dituela eta lauak ukatu egin zaizkiola; "jakinez jada hamar urte kanpoan egoten ahal dela", azpimarratu du Bagoazek.

"Denek diogu frantses eta espainiar Estatuak pausu bat egin behar dutela bake prozesuan. Euskal Presoei baldintzapeko askatasunak onartzea pausu bat da", aldarrikatu du presoen aldeko taldeak. Bagoazen arabera, denen erantzunkizuna da baldintzapeko askatasunak lantzea eta zabaltzea. 

Bide horretatik, kolektiboak apirilaren 4ean Senperen antolatua den ekitaldian parte hartzeko deia zabaldu du. "25 urteko, 9 131 egun dira aske izan gabe, haien senide eta lagunengandik urrun. Presondegitik ateratzea eskubide bat da!", gehitu du. 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK