Charlotte DALMONT

Bozkatzaileen %98ak Baigorriko postaren alde jo du

Aldude ibarreko auzapezek martxoaren 22ko hauteskundeetan Baigorriko postaren inguruko galdezketa bat antolatu dute. Populazioaren %62ak bozkatu du eta horietariko %98ak zerbitzu publikoa mantentzearen aldeko jarrera adierazi dute.

Aldudeko populazioaren %62ak bozkatu du.
Aldudeko populazioaren %62ak bozkatu du.

Postako zuzendaritzak Baigorriko zerbitzua Donibane Garazira eramaiteko mehatxua egin du eta ibarreko auzapezak horren kontra mobilizatu dira. "Baigorriko posta eta zazpi postarien mantentzearen alde zira?". Martxoaren 22ko hauteskundeetan Aldude ibarreko biztanleek zerbitzu publikoaren inguruko iritzia plazaratu dute. Hain zuzen ere, populazioaren %62ak bozkatu du eta horietariko %98ak "bai" bozkatu dute.

Iragan den udazkenetik, Urepele ibarreko hautetsiak mobilizatu dira gaur egun Baigorrin kokatua den posta Donibane Garazira ez mugitzeko. Dirudienez, zuzendaritzak erabakia segurtasun arazoengatik hartu du, baina Urepele, Baigorri, Banka eta Aldudeko auzapezentzat "aitzakia" da. "Lokal bat atxeman dugu posta beste eremu batean kokatzeko eta gastuak guk ordainduko genituzke", adierazi du Jean-Michel Coscaratek, Baigorriko auzapezak.

Bankako auzapeza den Michel Oçafrainen ustez: "segurtasunaren arazoa aitzakia hutsa da, Donibane Garaziko lokala Baigorrikoa baino zaharragoa" delako.

Eztabaidak hasi

Martxoaren 22an egindako galdezketaren emaitzak ikusi ondotik, herritarren borondatea argiki plazaratu da. Baiezkoa ikusita lau auzapezek departamenduko komisioarekin eztabaidatzeko asmoa dute. "Lurraleko ordezkarien eta Postaren arteko elkarrizketa berriz piztu nahi dugu; gaur egun existitzen ez dena", zehaztu du Michel Oçafrainek.

Hautetsiez gain, eskualdeko saltzaileek beren iritziak plazaratu dituzte ere. "Zerbitzua egunero erabiltzen" dutela azpimarratu dute. Eztabaidan sartu den auzo batek beste zerbitzu batzu herritik joan direla gogoratu du, eta "horiek ez dira sekulan itzuli".

Negoziaketak aitzinatzen ez badira, Aldudeko auzapezek "ondorioak" agertuko direla iragarri dute. Hauen artean, ibarreko biztanleek postako bankua dituzten kontu pertsonalen amaiera.