Iurre BIDEGAIN

Urepeletik Bilbora bagaza Korrika!

Abiatu da Korrikako 19. edizioa. Urepeletik Bilbora euskararen defentsarako lasterketa aitzina doa eta Euskal Herriko 2.161 kilometro zerkatuko ditu. Korrikaren hasiera eguna hilabete anitzetako elkarlanaren emaitza izan da. Euskahaldunen memorian luzaz gordeko den eguna.

Urepeleko plazan bildutako milaka korrikalarik pasaia ideki diete AEKko erakasleei. © Bob EDME
Urepeleko plazan bildutako milaka korrikalarik pasaia ideki diete AEKko erakasleei. © Bob EDME

Abiatu da 19. Korrika. Euskal Herria zeharkatzeko prest dago euskararen aldeko lasterketa. Urepeletik Bilbora abiatuko da euskararen defentsarako. Urepeleko herria txiki gelditu da bertara hurbildu diren milaka eta milaka pertsonak errezebitzeko. Peio Iputxak eta Laida Etxemendik Korrikaren mezua duen lekukoa eraman dute. Publikoen oihuek, irritziek eta txaloek indarra eman diete irakasle eta irakasle ohiari jende artean aitzinatzeko. Martxoaren 29ra arte 2.161 kilometroko bidea gelditzen da.

Goizean goiz, laguntzaileek azken prestaketak egin dituzte Korrikaren hasierarentzat. 200 laguntzailetik gora elkartu dira eskuz esku "euskararen besta" prestatzeko. "Euskarak, oro har, guztien aldeko laguntza behar du eta guztiok ahal dugun guztia egin behar dugu", adierazi du Oihana Zabalza laguntzaileak. Denen arteko elkarlan hori duela hilabete batzuk hasi da. "Urepelerentzat egun historikoa da, ibarreko jendearen memorian luzaz iraunen duena. Biziki mugitu dira, gazte adinoak, su ta ke aritu dira lanean azken hilabete hauetan. Benetan pozgarria da zelako mobilizazioa izan den euskara eta Korrikaren alde", adierazi du Jakes Bortayruk, AEK Iparraldeko kordinatzaileak.

Elkarlanaren adibide argia da eguerdian 600 pertsonentzat prestatzeko bazkarian parte hartu duten 60 laguntzaileak. "Pixka bat beldur ginen kantitateari begira, guk geuk parte bat egin nahi genuelako. Ez dakit guztiz heldu garen, baina pozik gira", zehaztu du Julia Casanellas antolatzaileak. Atsaldean, ibarreko kantariak, txalapartariak eta bertsolariak giroa berotzen joan dira. Plazan ez zegoen gehiago tokirik. Jende lerroak, joaiteko eta itzultzeko ikusi dira herriko plazan.

Hasieraren malkoak eta poza

"Urepeletik Korrika hastea, gaur arte amets bat zen. Goazen mugak haustera, indarrak batzera. Bagaza ttipi-ttapa. Urepeletik hitzetik bizitzera, bagaza", Adur elkarteko Karine Etxeberrik, hunkitua, hasiera eman dio Korrikako hitzaldi nagusiari.

Txaloen eta malkoen artean, Asier Amondok, Korrikako arduradunak, mezu ezezaguna lekukoan sartu du. Haren ondoan, urduritasuna eta emozioa nahasirik, Peio Iputxa eta Laida Etxemendi lekukoaren zain egon dira, esku artean izan arte.

"Badoa Korrika" oihuarekin, hurrenez hurren, irakasleak eta irakasle ohiak lekukoa lau haizetara altxatuz hasi dute lasterketaren lehen kilometroa. Beren gibelean milaka eta milaka "euskahaldun" Korrikarako prest.

Hamar minutu pasa eta, Urepeleko plaza betea gelditu da, jendea ezin mugituz, ezin lasterka ibiliz. Umorearekin, ezin aitzina ez gibelera joan diren lasterkariak "Ttipi, ttapa, ttipi ttapa ibiliz" bertsoak kantatu dituzte. Poliki-poliki arintzen joan da plaza eta milaka pertsonak Alduderantz abiatu dira. Gazte, adindu, kirolari edo ez, denak euskaren aldeko martxa abiatu dute. "Bagaza Korrika !".