Kazeta

Euskarazko hedabideen saio bateratua Urepelen

Martxoaren 19an Korrikaren edizio berria abiatuko da Urepeletik. Euskararen aldeko lasterketa bezala, elkarlana oinarritzat hartuz, Euskal Herriko euskarazko hedabideek saio berezia eginen dute egun horretan. 15.45etatik goiti bertako giroa edo elgarrizketak izanen dira garaile. Saioa KAZETA.EUSen ikusgai izanen da ere.

Korrika, Donibane Garazitik iragan denean. (Bob EDME)
Korrika, Donibane Garazitik iragan denean. (Bob EDME)

KAZETA.EUS, Kanaldude, Ipar Euskal Herriko Hitza, Euskal Irratiak, Herria, EITB, Hamaika Telebista eta Tokikom elkarlanean arituko dira Korrikaren hasieraz informatzeko. Heldu den martxoaren 19an euskarazko hedabideak eskutik esku ibiliko dira Urepeletik euskararen aldeko lasterketaren abiapuntua ikusleei helarazteko. 15.45etatik goiti hasiko da Pantxika Maitia eta Ilaski Serranok aurkeztuko duten saio berezia eta KAZETA.EUSen ikusgai izanen da, zuzenean.

"Euskahaldun" lelopean abiatuko da aurtengo Korrikaren edizioa eta hamar egun berantago Bilbon bukatuko da. Lasterketa bezala, auzolana eta elkarlana oinarritzat hartuz, aurten euskarazko hedabieek saio bateratua eginen dute.

15.45etan hasiko da aitzin saioa eta 16.00etan abiatuko da emanaldi nagusia. Kanaldudeko Pantxika Maitiak eta Ilaski Serrano ETBkoak saioa gidatuko dute. Egunean zehar iraganen diren bertso emanaldi, kantaldi edo animazioez gain, euskarazko medioen emisioak hainbat elkarrizketa eskainiko ditu. Besteak beste, Graxi Irigarai, Korrikako tokiko laguntzaileari edo Miren Aire kantariari.