Argitxu DUFAU

Kolektibo feministak indarkeria sexistaren bilana egin du

Martxoaren 4ean Tarnosen iragandako bi emazteen erahilketaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko Kolektibo feministak elkarretaratzea antolatu du 18.00etan Baionako herriko etxearen aitzinean. 60 pertsonek aho batez emazten kontrako indarkeriak salatu dituzte. Martxoaren 8an emazteen eskubideen aldeko egunaren karietara, kolektiboak indarkeria sexistaren bilana egin du.

Martxoaren 8an emazteen eskubideen aldeko eguna da - © Bob Edme
Martxoaren 8an emazteen eskubideen aldeko eguna da - © Bob Edme

Martxoaren 4an Tarnosen indarkeria sexistari lotutako beste gertakizun bat iragan da. Ipar Euskal Herriko Kolektibo feministak martxoaren 6an, ostiralarekin elkarretaratze bat antolatu du gertakizuna salatzeko. Hitzordura 60 pertsona hurbildu dira indarkeria sexistaren kontrako jarrera adierazteko. Honetaz gain, martxoaren 8an emazteen eskubideen aldeko egunaren karietara, kolektiboak ibilbidearen bilana egin du.

Kolektibo feministak 2004eko otsailean ibilbidea hasi zuen. Hain zuzen ere, Baionan emazte bat ikasleen gaualdi batean bortxatu zuten egunaren biharamunean sortu zen. "Gaur egun, emazte bat hiltzen dute bi egun eta erdiro, kasik bi egunero [bortizkeri sexistaren ondorioz]", adierazi du Amaia Fontangek, kolektiboko kideak.

Talde feministak ohartarazi du gaur egun indarkeria sexistaren arazoa publikoki kontutan hartua dela, batez ere prentsan. "Bilakaera bat nabaritu dugu", gehitu du. Indarkeria sexistaren inguruko problematika geroz eta gehiago entzuten da, Baionako bestak eredu dira.

Ipar Euskal Herriko emazteen indarkeriaren behatokiak aurrerapen bat adierazten du kolektiboaren ustez. Hala ere, sortzaileen borontateaz gain, ohartu da baliabide eskasak eskainiak direla. "Prefeturaren aldetik blokatze bat bada", azpimarratu du militanteak. Horretaz gain, Emazteen eta Familiaren eskubideen informazio zentroaren desagerpena aipatu du.

Hiru bideak

Kolektibo feministak hiru arloen alde lan egiten du. Alde batetik, legearen aurrerapena emazteak biktimak bezala kontsideratuak izan daitezen eta gisa huntan beren alde hobe lan egiteko. Horri esker neurri gehiago hartzen ahalko liratezke beren erasotzaileengandik urruntzeko. Bestalde, neurri egokien banaketa egiturak martxan jartzeko. Azkenik, emazte eta gizonen arteko iritziak trukatzea sexista ez den hezkuntza bat bultzatzeko.

"Indarkeria sexista gizarte osoa hunkitzen duen arazoa da, ez bakarrik arlo pribatua", aldarrikatu du Amaia Fontangek. "Ideia da erne egoitea, gure ondoan gertatzen ahal delako".