Oihane LARRETXEA

Erasoei aho batez "ezetz", euskaraz arnastu, pentsatu eta maitatzeko

Herri honen euskaraz bizitzeko eskubidea berea baino ez dela aldarrikatu eta oztopei aurre egingo diela esateko, 5.000 lagunek bat egin zuten Donostian, Kontseiluak deitutako manifestazioan. Batasuna eta batasunez erantzuteak duen garrantzia azpimarratu zituen Paul Bilbao idazkari nagusiak, eta erabaki ausartak hartu dituzten Herriko Etxeen jarrera txalotu zuen.

Donostian Kontseiluak deitutako manifestaldia. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Donostian Kontseiluak deitutako manifestaldia. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

"Zer gertatuko litzateke herri honetako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzional gehienek, euskalgintzarekin batera, elkarrekin joko bagenu?", galdegin zuen atzo Donostiako Bulebarretik Paul Bilbaok. Injerentzia nahiz oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioan, ideia bat nagusitu zen: batasuna. Kontseiluko idazkari nagusiak ez zuen erantzunean zalantzarik egin, eta hala adierazi zuen: "Denok batera joko bagenu, nahikoa indar izango genuke oztopo horiei eta are gogorragoei aurre egiteko".

"Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara" lemapean, 17.30ean abiatu zen manifestazioa otsailaren 28an, hiriburuko kale nagusiak zeharkatzeko. Deialdiarekin bat egin zuten, besteak beste, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak, Mikel Biain Oñatiko alkateak eta Aldundiko Euskara zuzendariak, besteak beste. Eguraldi traketsari aurre eginez, pankarta nagusiaren atzetik 5.000 lagun inguruk eman zioten babesa manifestazioari. Bidean, etengabe ikus eta entzun zitezkeen "euskaraz bizi nahi dut" aldarrikatzen zuten kartelak eta horixe bera zioten kantak.

Azkenaldian jasandako erasoak aipatu zituen bereziki Bilbaok: aktak euskaraz idaztea debekatzen duten aginduak, hizkuntza irizpideetan euskara lehenesteko debekuak, Kaskarotenea Lapurdiko ikastola laguntzeko zailtasunak eta isunak... "Benetan uste al dute horrela lortuko dutela?", galdetu zuen.

Estatu frantsesaren nahiz espainolaren jokabideaz gain, eta bi gobernu horiek Euskal Herrian dituzten ordezkariez harago, Nafarroaren kasuari arreta berezia jarri zion. Izan ere, salatu zuenez, lurralde honetan ez da Gobernu espainolaren ordezkaririk behar "neurri eragingarriak hartu dituzten udalen aurka egiteko"; izan ere, Kontseiluaren ustez, "Nafarroako Gobernuak berak lotsagabeki ekin dio lan horri. Nafarroako Gobernua bera bihurtu da euskararen kontrako gurutzadan zaldun nagusi", adierazi zuen.

Lurralde horretara irits litekeen "aldaketa" benetakoa izango da, "baldin eta hizkuntza-politikan egiturazko aldaketak gertatzen badira. Bestela -jarraitu zuen-, ez dezala inork aldaketaz hitz egin". Zentzu honetan, iragarri zuenez, datorren apirilaren 25ean Kontseiluak horretarako gakoak zeintzuk izan beharko diren azalduko du Iruñeko Anaitasuna frontoian egingo duen ekitaldian.

Elkartasuna, batasuna, taldean egin beharreko indarra aipatu zituen bai manifestazioaren bukaeran, baita hasieran ere. Antzera mintzatu zen, adibidez, Mertxe Mujika. Eta euskararen alde egingo duen sarea ehuntzeko lanean falta den jendeaz edo eragileez galdetuta, oraindik euskarara gerturatu ez diren pertsonak aipatu zituen. Asko aurreratu dela txalotu arren, egiteko dagoen bidean ere jarri zuen arreta. "Haiei ohartarazi behar zaie euskara jakiteak, euskaraz bizitzeak, gehitu egiten duela, inongo kasutan ez duela kentzen. Eta behin euskarara hurbilduta, ohartuko dira zein aberasgarria den".

Euskararen aldeko lasterketa

Korrikaren edizio berria abiarazteko hiru aste eskas falta diren honetan, oztopoak gainditzeko adibide gisa jarri zuen ekimen hori. "Euskahaldundu. Ahal dugu, baina elkarlanean", azpimarratu zuen. Atzoko manifestazioa, baita euskararen aldeko lasterketa eta bestelako ekimenak ere, "gure hizkuntzak erasoak jasateari utzi eta egoera erabat normalizatua biziko dugun egunean desagertuko" direla esan zuen.

Bitartean, Carlos Urquijo Gobernu espainolaren EAEko ordezkaria eta haren gisakoek aurrez aurre duten, batuta dagoen, gizarte bat topatuko dutela ohartarazi zuen. "Utz gaitzatela bakean bizitzen, nahi eta sentitzen dugun moduan besterik ez", eskatu zen Mujikak.

Udalak eta beren erabaki "ausartak" jarri zituen Bilbaok horren adibidetzat, Urquijoren salaketa eta eskaerei muzin egin eta euren bidea, sentitzen dutenaren arabera, egin dutelako. "Aitortu ez, txalotu egin nahi dut erakutsi duten determinazioa".

Zuzeneko lekukotasuna eman zuen Mikel Biain Oñatiko auzapezak. Ordezkatzen duen erakundearen ardura "pertsonen nahiak eta eskubideak betetzea eta babestea" dela gogorarazi ondoren, hizkuntzari lotutako kontuetan arreta jartzea bereziki dagokiela erran zuen. Eta zentzu horretan jarduten dira Oñatin. "Asko aurreratu dugu udalen euskalduntzean eta bide horretan sakontzen ari gara. Horregatik, asko gara Urquijoren helegiteak jaso ditugunak", esan zuen, besteak beste, kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzeagatik, euskara planak egiteagatik, aktak euskaraz egiteagatik... Adierazi zuenaren arabera, halako neurriekin lortu nahi dena euskararen balio ofiziala zalantzan jartzea da, eta "oso larritzat" jo zuen.

Beldurrik ez. Mehatxuen aurrean handitzen denaren antzera, irribarrez bidean aurrera egingo dutela adierazi zuten atzo aho batez.