Ariane KAMIO

Ustekabearen bidetik, lapurtera klasikoaren aztarnetaraino

Urte anitzetan pentsatu da Esteve Materraren «Doctrina Christiana» alearen lehenengo edizioa galdua zela. Ustekabean, Aziti Bihia elkarteak Kopenhageko Errege Liburutegian atxeman du. Lapurtera klasikoan aitzindaria den obra, erreferentea izan da idazle anitzentzat, baina orain arte ez zuten haren arrastorik ezagutu.

«Doctrina Christiana» alearen lehenengo edizioa.
«Doctrina Christiana» alearen lehenengo edizioa.

Esteve Materrak Kopenhagen zeukan gordeta orain gutxi arte desagertutzat ematen zen alea. Ez zuen berak eraman. Kasualitateak utzi zuen Kopenhageko Errege Bibliotekan. Pistarik gabe, eta patuak hala aginduta, Aziti Bihia elkarteak bertara «bidaiatu» zuen, birtualki bakarrik izan bazen ere.

EHUko filologo eta hizkuntzalari talde gaztea tesi lanak egiten ari da. Taldean lanean nola jardungo ote duten jakiteko Esteve Materraren lana hautatzen dute. «Doctrina Christiana» alearen bigarren edizioa jarri dute jomugan. Edizio kritikoa egin nahi dute. «Lehenago bazen edizio kritiko bat, baina akats batzuk ditu eta berriztu egin nahi genuen», agertu du Borja Ariztimuño taldekideak. Beste lan askoren artean egiten dute liburu horren hautua. Leizarragaren Testamentu Berria ere tartean da, baina lan luzeegia Aziti Bihia elkarteko kideentzat. Materra eskuragarriagoa da. Bigarren edizioa lokalizatuta dago, gainera, Oxforden gordetzen dute. Hara, beraz, bidaia. Bidaia fisikoa.

Liburutegia irekitzen dutenetik ixten dutenera arte liburua aztertzen igarotzen dituzte orduak hiru taldekidek, Ariztimuño tartean dela. Eta, bitartean, sarean nabigatzen, autorearen beste erreferentzia batzuk bilatzen dituzte, kasualitatez bigarren edizioko beste aleren bat aurkituko dutelakoan-edo. Lehenengo edizioa galdutzat ematen da. Baina hara non kasualitateak eta patuak begien aurrean jartzen dieten 1617an argitaratu zen lehen liburuaren erreferentzia Kopenhagen. «Dorota Krajewska taldekideak aurkitu zuen, baina ez genekien ziur lehenengo edizioa ote zen», adierazi du.

Errege Liburutegiarekin harremanetan jarri eta ondo gordeta duten liburu hura hauts artetik atera behar da berriro; urteetan ez du inork ukitu eta katalogazio zaharra du. Abendua da. Handik gutxira, Kopenhageko mezua. Baiezkoa. Lehenengo edizioa da, eta ondo kontserbatutakoa. Sorpresa itzela. Bigarren edizioarekin lanean egon eta hastapeneko alea aurkitu.

Azterketa sakona

Lehenengo azterketa gozatua izan da Aziti Bihia elkartearentzat. «Bigarren edizioan agertzen ez diren elementu ugari ditu lehenengoak. Esaterako, hasierakoa haurrei zuzendutako doktrina liburua da. Ordura arte datu ezezaguna zen hori», dio Ariztimuñok. Horrek esan nahi du, XVII. mendeko haurrek euskaraz irakurtzen ikasten zutela, doktrina bederen.

Kontrarreforma garaian idatzi zuen Materrak liburua eta, nahiz eta jatorriz euskalduna ez izan -gaskoia zen susmoa dute-, ongi aski ikasi zuen euskara, Saran, Axularren bueltan. Inkisizioaren beroan idatzitakoa izan zen, Lapurdin sorgin eta apaiz zenbait hil zituztenean. Kontrarreformako protestanteen aurkako mugimenduan, Eliza Katolikoak erabaki zuen latina ez beste hizkuntza arruntetan ere predikatu behar zela. Euskarazko erreminta sortu zuen orduan Materrak. «Biblia ez bazen, doktrina behintzat euskaraz egin behar zen jendearengana hurbiltzeko», agertu du filologoak.

Ipar Euskal Herriarekiko lotura

Ipar Euskal Herrira joandako apaiz frantsesa zen Materra, baina, orduan, nolatan dago liburua Kopenhagen? Galderari erantzuna ere eman dio Ariztimuñok. Antza, liburuak garai batean izan zuen jabearen zigilua badu. Familia frantses bateko semea zen, baina Berlinen jaioa, protestante izateagatik Berlinen -garaiko Prusian- errefuxiatutako sendiko kidea. 1700. urtean jaioa eta handik 45 urtera hila.

«Bagenekien XVIII. mendeko jabea bera zela, baina ezer gehiagorik ez. Aurkikuntzaren ondoren, Kopenhageko Errege Liburutegiak azterketa sakonagoa egin du eta ondorioztatu dute bertara beste bide batetik etorri zela». Nondik? Berlingo jabe hark zuen lehenengo alea Danimarkako konde batek eskuratu zuen eta haren bitartez iritsi zen bibliotekara. 100.000 liburu baino gehiagoko bilduma zabala zeukan eta hil ondoren, zati handi bat Errege Liburutegiak eskuratu zuen.

Euskal Herria, Estatu frantsesa, Prusia eta Danimarka. Itzelezko bidaia egin du Materraren «Doctrina Christiana»-ren lehen aleak azken azken 400 urteetan, desagertutzat jo arte. Kasualitateak, beste behin, euskaldunon bideak gurutzatu ditu. Aurkikuntza egina dago eta ikerketarako bidea irekita. Eta Materrak Kopenhagen jarraituko du.