Argitxu DUFAU

Behiki tuberkulosia: hiru kasuen jatorri ezezaguna

Lapurdiko hiru etxaldeetan behiki tuberkulisiaren eritasuna agertu da. Analisien azken emaitzak heldu den astean agertuko dira. Diagnostikoa baieztatzen bada, 290 abere inguru kalituak izaten ahal dira.

290 abere inguru kalituak izaten ahal dira.
290 abere inguru kalituak izaten ahal dira.

Iragan den urtarrilean Senpere eta Ainhoako hiru etxaldetan behiki tuberkulosia kasuak agertu dira. Hemendik martxoaren bukaera arte, orotarat 290 abere inguru kalituak izan daitezke. Analisien azken emaitzek haien etorkizuna bideratuko dute.

Mediabaskek afera ezagutzen duen laborari bat elgarrizketatu du; hunek anonimotasuna gordetzea nahiago du. Haren arabera, behiak kutsatuak liratezke kanpotik etorritako abere talde batengatik. Dirudienez, ez litzateke abere hazkuntzaren arazoa. Abeltzainak harrituak dira. Arazoarekin lotuak diren kabalzainek adierazi dute segurtasun neurriak hartu dituztela eta hazituak izan diren animaliak, etxaldekoak direla.

Kontaminazioaren beste arrazoi bat, kanpotik etorritako elementuak liratezke; azkonak bezala. Horrelako kasuak agertu dira. Animaliak ez du eritasuna garatzen ahal, baina eragilea izan daiteke.

Gero eta gehiago

Urte batzuetan, tuberkulosia kasuak emendatzen joan dira hainbat herritan. Hain zuzen ere, eritasunari lotuak diren kasuak berrogeita hamarretik ehunera pasa dira. Eritasuna garatu da animale basatien artean (basurde edo oreinetan). Laborantza ministeritzaren arabera, garapen hunek eritasunaren desargerpena oztopatzen du.

Laborariak adierazi du gizakiari tuberkulosia trasmititzea zaila dela. "Iraganean eritasunak anitz pertsona hil ditu, baina gaur egun ez du mehatxu bat errepresentatzen. Esneari dagokionez, pasteurizatzeak arriskuak txikitzen ditu", zehaztu du.

Diagnostikoaren emaitzek eritasunaren presentzia baieztatzen badute, heldu den astearen bukaeran animaliak kalituko dituzte eta laborariei kalteak ordainduko dizkiete. Mementoz, etxalde horiek hetsiak dira bakteriaren hedapena oztopatzeko.

Duela lau urte tuberkulosiaren kasu bat agertu zen Senperen eta laborariak bere abere guziak kalitu zituen. "Eritasuna pixkanaka-pixkanaka hedatzen da, hilabeteak edo urteak pasatzen ahal dira animale bat hil baino lehen", zehaztu du ministeritzak. "Beste animaleei transmitzen ahal da eritasuna, ikur klinikoak azaldu baino lehen".