NAIZ

Duela 22.000 urteko marrazkiak atxeman dituzte Zestoako harpe batean

Gutienez, zortzi animaliren grabatuak ikus daitezke Zestoako Erlaitz harpean: zaldiak, oreinak eta uroak. Antxieta Jakintza taldeak aurkitutako grabatuen data zehatzik ez dagoen arren, orain 22.000 eta 15.000 urte egindakoak direla adierazi dute.

Zestoako Erlaitz haitzuloan aurkitutako grabatuetako bat. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Zestoako Erlaitz haitzuloan aurkitutako grabatuetako bat. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Zestoan dagoen Erlaitz harpean labar arte paleolitikoko grabatuak aurkitu dituzte Antxieta Jakintza taldeko kideek.

Duela hilabete inguru Danbolinzulo harpean egindako aurkikuntzaren ondotik, aitzinetik ezagutzen ziren beste leize-zilo batzuetan berriz begiratzeari ekin zioten Antxietako kideek eta hala iritsi da aurkikuntza hau.

Grabatu berri hauek Donostian aurkeztu dituzte asteazken honetan, eta garrantzitsuak direla nabarmendu dute. Zortzi animaliaren grabatuak agertzen dira (zaldi, uro eta oreinak) eta beste batzuen zantzuak ere ageri dira. Bestelako material arkeologikoa ere aurkitu dute.

Garaiari dagokionez, azaldu dute ez dagoela erabateko akordiorik mota honetako grabatuak noizkoak diren zehazteko, baina argitu dute 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen direla.

Hau da, Danbolinzulo baino berriagoa baina Ekain (Zestoakoak biak) baino zaharragoa dela esan dute.

Aurkikuntza horiek paisaia kultural berria osatzen dutela azpimarratu du Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu Ikerne Badiolak. "Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa... Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula", adierazi du.

Informazio iturriak

Adituen arabera, Erlaitzek informazio zientifiko asko eskain dezake, Goi Paleolitikoko lehen giza talde ehiztari-biltzaileak, horien adierazpen grafiko eta sinbolikoen inguruan ez delako asko ezagutzen.

Gipuzkoako Aldundiak barrunbea behin behinean hetsi du, egoera onean iraungo duela bermatzeko eta, horren ostean, EHUrekin batera, ziloa osorik aztertzeko proiektu bat diseinatzen ari da. Bertan izan diren giza taldeen eta garatu duten labar artearen berri izatea eta etorkizunean ongi zainduko dela bermatu ahal izateko kontrol neurri batzuk zehaztea du xede proeiktu horrek.