Daniela Albizu zendu da

Otsailaren 26an hil da Daniela Albizu Urruñako alaba. Euskalgintzan, kulturgintza eta politikan egin zuen lana goraipatu zuten haren hurbilekoek 2011n eskaini zioten omenaldian.

Kazeta|2015/02/26 23:00|Iruzkin 1
Albizu
Daniela Albizuri omenaldia eskaini zioten 2011n Urruñarrek.

Arlo askotan aitzindari gisa lanean ibili den emaztea izan da Daniela Albizu. Otsailaren 26ean hetsi ditu begiak. Ehorzketak martxoaren 2an izanen dira, Urruñako elizan, arratsaldeko 2ak eta erditan. Bada Urruñak bere kultur erreferentzia historikorik handiena galdu duela erraten duenik. Herriko lehen hautetsi abertzalea, gazte belaunaldi askori erakutsi zien euskara Daniela Albizuk. Idatzitako liburu sorta bat ere utzi du Iturrialdeko apaletan. "Ametsa" izan da idatzi duen azken olerkia, Hatsaren Poesian 2011n argitaratutakoa (ikusi erlazionatutako artikulua).

"Iturri-Aldeko nere leihotik" (Maiatz, 2011) olerki, ipuin eta narrazio bilduma osatzen lagundu zuen Joseba Aurkenerenak Daniela Albizuren bizia xeheki kondatu zuen KAZETAn, duela lau urte, Urruñarrek omenaldi bat eskainiko ziotela :

 

Daniela Albisu, Urruñako idazle sutsua

Daniela Albizu Berasategi Urruñan sortu zen 1936ko maiatzaren 23an. Aita Leon Albizu Perez de San Roman arabarra zuen, Ilarduia herrikoa eta ama Nizeta Berasategi Mintegi gipuzkoarra, Urtsuaran herrixkakoa. Rif-eko Gerlatik ihes egiten Lapurdira etorri ziren. Aita ideologiaz komunista zen eta ez zekien euskaraz. Geroxeago, Urruñan bizi zela, ikasi bazuen ere. Ama, berriz, biziki giristinoa zen, eta euskaraz bakarrik hitz egiten zuen.



Jadanik ezkonduta zirela, eta Espainiak Marokoko Rif aldean zuen gerlara ez joateko, desertatu, gurdia etxeko ondasunez eta hargin ofizioko tresnez bete, eta Iparraldeko bideari ekin zioten. Gurdian, gainerako gauzen artean, bizpahiru txerri zekartzaten eta muga pasatzerakoan poliziek haien harrabotsak entzun ez zitzaten, rona eman zieten eta horditurik, erdi lotan, ekarri zituzten Urruñaraino.



Leon biziki hargin ona zen, eta eskualdeko baserrietan konponketak eta eraikinak egiten aritu zen, gehienbat. Ez zioten dirurik ematen, baserrietako mozkinak baizik, eta horrela bizi izan ziren lehen urte zail haietan. Bere eskuz altxatu zuen, Urruñarako bidean, ezker aldean, orduz geroztik albizutarren etxe eta habia izan den Iturrialde izeneko etxe handi ederra. Bitxikeria gisa, aipa dezagun berak egin zuela Kalbario mendiko gailurrean dagoen gurutze handia. Bitxia da, Leonek, komunista izaki, Urruñan den gurutzerik handiena egin baitzuen.



Albizutarrek lau seme-alaba munduratu zituzten: Beñat, Pierrot (+), Mariana eta Daniela, eta handitu ahala, lauek Urruñako plaza gibeleko eskolan ikasi zuten. Danielak maistra izateko ikasketak Baionan burutu zituen eta bukatu zituelarik, Donibane Garazi ondoko herrixka ttipi batera igorri zuten, bertako eskolako maistra izan zedin.



Garai hartan, frantses kolonizazioak gogor jotzen zuen Ipar Euskal Herrian, eta eskoletan euskararen kontrako jarrera sutsua erakusten zuten. Eraztuna eta horrelako jokoak erabiltzen zituzten euskararen prestigioa ahultzeko eta ikasleen ezpainetatik desagerrarazteko.



Danielak bazuen euskal sentimendu handia bere bihotzean eta ez zen nehoiz horrelako joko zikinetan aritu, haatik, euskararen aldeko jarrera garbia erakutsi zuen beti. Eguerdiro, eskolako ordutegitik kanpo eta sosarik kobratu gabe, bistan da, euskarazko mintzaldiak lantzen zituen zenbait ikaslerekin. Garazi aldeko eskola hartan izan zen bitartean, Vespa bat erabili zuen harat-honatekoetarako. Behin, ikasle bat Baionara eraman zuen Vespa hartan azterketa bat egin zezan.



Geroxeago, ikasketa gehiago burutu zuen, eta horrela maistra izatetik irakasle izatera igaro zen. Titulazio berria eskuratu ondoren, Donibane Lohizuneko Ravel Kolegioan aritu zen urte luzez frantsesa eta espainola erakusten. Baina bere egiazko nahia euskara erakustea zenez gero, zenbait urtetan Hendaiako Irandatz Kolegioan aritu zen gure mintzaira ederra bertako gaztetxoei erakusten.



Urruñan, Hazia euskal kultura elkartea sortzen eta bultzatzen lehenetakoa izan zen eta gauza bera Herritarrak mugimendu abertzalearekin. Aurkeztu ziren lehen hauteskundeetan kontseilari edo zinegotzi bat lortu zuten eta horretan aritu zen bederatzi urtez gure Daniela, Poulou auzapez eskuindarrari adore handiaz aurre egiten. Urte gogorrak Danielak jasan behar izan zituenak.



Gainera, ordurako, Franc Pilotterekin ezkondua eta bi seme-alaben ama zen: Domena eta Didier. 1990. urtean, alaba, Okzitaniako Tolosako unibertsitatean, ikasketak egiten ari zela, zorigaiztoko istripu batek bizia ostu zion hogei urte zituelarik. Gertakizun latz honek arrasto sakonak utzi zituen Danielaren baitan.



Baina mugagabeko saminari aurre eginez, Danielak, gaztetan hartutako konpromisoari eutsi, eta hurrengo bi hamarkadetan Iparraldean izandako mugimendu politiko abertzalean, euskal kulturan, euskararen irakaskuntzan,… buru-belarri sarturik jarraitu zuen. Militantzia politikoan ibili zen, bakearen aldeko xerkatzean Elkarri mugimenduari atxikirik, euskal presoen aldeko jarduera eta ekintzetan, euskararen irakaskuntza eta pedagogia bultzatzeko sorturiko IKAS elkartean -non zenbait urtez lehendakaria izan zen-, euskal aldizkarietan kolaborazioak eta literatur-lanak plazaratzen, itzulpengintzan,…



1979an "Hiru uhainak"izeneko ipuin eder eta gogoangarria plazaratu zuen Elkar argitaletxearen bitartez, eta 2003an, Maiatz-en bidez, "Lau sasoi", lau ipui liburu xarmangarria. Horretaz gain, ipuinak, gogoetak, olerkiak,… plazaratu zituen Maiatz eta Hatsaren Poesia izeneko aldizkarietan.



Idazteko biziki euskara ederra eta herrikoia erabiltzen zuen. Hasiera-hasieratik baturanzko bidea jorratu zuen. Hori dela eta, euskal aditza batuaren aldeko apustua egin zuen. Lexikoa eta erramoldeak, berriz, lapurtera bizi-bizitik hartzen zituen. Altxor handia da bere testuetan Danielak utzi diguna. Denok badaukagu zer ikasi testu horietan. Elkar argitaletxerako ere, euskal kultura eta etnografiazko zenbait liburu itzuli zituen espainoletik frantsesera. Aipa ditzagun hemen Koldo San Sebastianen eta Antxon Agirre Sorondoren liburuekin egindako itzulpen eder eta zuzenak.



Irakaskuntzan emandako azken urteak Donibane Lohizuneko Ravel Kolegioan egin zituen. Hor lanean ari zela, frantses poliziek atxilotu zuten eta Fleury Mérogis presondegira eraman. Bertan izan zen bi hilabetez, etxean Hegoaldeko iheslari bat aterpetzeagatik. Kartzelatik atera eta bi urteren buruan erretretan sartu zen. Baina erretretan bazen ere, bere militantzia eta konpromisoarekin jarraitu zuen. 2009. urtean, Alkartasuna Fundazioak Euskal Herriaren alde egindako lan bikainaren sari, diploma eman zion.



Gaur egun, 74 urterekin, aitak egin Iturrialde etxean da, Didier semearekin eta Kuki zakurrarekin, bizitzan orain arte nehoiz ezagutu ez duen ongi merezitako lasaitasunaz gozatzen. Milesker Daniela, gure hizkuntzaren eta euskal aberriaren alde egin duzun lan handiagatik. Biba zu!



Buka dezagun Danielak 2008ko Hatsaren Poesia aldizkarian, "Ahulezia" titulupean plazaratu zuen olerki gogoangarria azken lerro hauetara ekarriz. Iragarpen ezin hobea delakoan nago.



Xoriak ez du kantatzen,


olerkariak ez du bertsurik asmatzen,


egunero laino xuriek


zeru urdina dute estaltzen.





Iduzkia, ilargia eta izarrak


ez ditugu ikusten,


ekialdeko haize minak


basaki dauku agurtzen.



 

Banoa hartzaren harpera,


horren ondoan lo egitera.



(Joseba Aurkenerena, 2011-04-13)

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK